Dodou Cham USPR Erregularizazioaren Aldeko Dokumentaziorik Gabekoen Batasuneko kidea da. 2008an iritsi zen Belgikara Gambiatik (Afrika), eta 2014an egin zen elkarteko kide. Urte luzez Belgikan lan egin duen arren, estatus legalik gabeko etorkina da. Gertutik jarraitu du azken bi hilabeteotan 430 migratzailek egindako gose eta egarri greba, eta datozen asteetan egongo diren aldaketei begira dago orain. USPR elkarteak urte luzez egin du etorkinen eskubideen alde; protestak antolatu dituzte, eta agintariekin bildu dira. Hala ere, etorkinek ez dute inoiz politikarien aldetik espero zuten erantzuna lortu, eta ehunka lagunen egoerak bere horretan jarraitu du urte luzez.
Chamek Berriari adierazi dionez, migratzaileek gose greba hasi eta beren bizia arriskuan jarri ostean iritsi dira lehen eztabaidak: «Maiatzaren 23an 430 etorkinek hasitako gose greba erreakzio sozial eta politiko handia lortzeko irtenbide bakarra zen». Dena den, dagoeneko Belgikan bizi diren etorkinak «ia etsita» daudela gehitu du.
Bruselako San Joan Bataiatzailearen Elizan eta Unibertsitate Askeko bi campusetan bizi diren etorkinek 55 egunez egin dute gose greba, eta horietako batzuk edateari ere utzi zioten aurreko astean. Chamek ez zuen gose greban parte hartu, baina gertutik jarraitu du grebalarien egunerokoa. Bi hilabete luzeren ostean, manifestarien osasun egoera «oso larria» dela azpimarratu du: «Gehienak oso ahul daude, fisikoki batez ere. Aurrekoan gose greba behin-behinean etetea onartu ondoren, ospitalera eraman behar izan zituzten horietako asko. Psikologikoki ere lur jota daude».
Joan den asteazkenean eman zuten aditzera gose eta egarri greba behin-behinean etengo zutela, Sammy Mahdi Belgikako Asilo eta Migraziorako Estatu idazkaria grebalariekin negoziatzeko prest agertu ondoren. Bruselan manifestatzen aritu diren migratzaileek gobernuak sortu duen «eremu neutralera» joateko aukera dute, «beren egoeraren araberako aholkua jaso eta migrazio auziekin lotutako zalantzak argitzeko». Gainera, datozen egunetan migratzaileen «egoera erregularizatzeko itun bat» elkarrizketen mahai gainean egongo dela adierazi zuten gobernuko eta USPRko kideek.
Chamek, ordea, zalantza handiak ditu «eremu neutralaren» inguruan. Gobernuko lantaldeak bertara joateko deia egin duen arren, migratzaile gehienek ez dute argi ikusten dokumentazioa jasoko duten. Gainera, erabakia «oso orokorra» dela kritikatu du USPR elkarteko kideak, eta egunotan egoera bertsuan dauden ehunka migratzaileren deiak jaso dituztela esan du: «Jendeak ez daki orain zer egin behar duen. Ehunka dei jaso ditugu, zer dokumentazio eraman behar dituzten edo abokatuarekin harremanetan jarri behar diren galdetzen».
Elkarteko kideek ezin dituzte galdera horiek erantzun, «informazio gutxi» baitute oraindik. Datorren astean Mahdirekin bildu nahi dutela adierazi du Chamek, «eremu neutrala zer den zehatz-mehatz azaltzeko, eta informazio gehiago eskuratzeko».
Ekaitzaren osteko barea
Grebalariek gose eta egarri greba behin-behinean eten ondoren, «lasaitasuna» zabaldu zen herrialdean, batez ere gobernuan. Hain zuzen, grebalarien gose grebak Vivaldi koalizioa arriskuan jarri du egunotan. Chamen arabera, migrazioaren auzia «beti izan da gai sensiblea Belgikan», eta desadostunak sortzen dituen «gai ohikoetako bat» da herrialdean.
Aurreko igandean Valoniako PS Alderdi Sozialistak eta Ecolo alderdi ekologistak migratzaileren bat hilko balitz dimisioa aurkeztearekin mehatxu egin zioten Alexander De Croo lehen ministroari. Hark, berriz, ez zela «krisi politikoa pizteko» unea esanez erantzun zuen.
Chamen arabera, Belgikako alderdi politikoak dira dokumentazioa lortzeko oztopo nagusia. Belgika iparraldeko Flandria eskualdean indar handia dute eskuineko alderdiek, eta «etorkinen aurkako jarrera oso zabalduta dago». Gainera, «herrialdeko gehiengoaren babesa» dutela salatu du Chamek. Herrialdean behera egin ahala, ordea, babes handiagoa jasotzen dutela dio, Valonia eskualdean migratzaileen aldeko jarrera nabarmenagoa baita.
Negoziazioak mahai gainean daude oraindik, eta ikusteke dago zer erabaki hartuko dituen Belgikako Gobernuak. Dena den, «gobernuak konpromiso gutxi» erakutsi duela salatu du Chamek, eta prozesua «oso mantso» doala esan du. Egunotan nazioartetik jasotako babesa «bihotzez eskertzen» du, baina gehiago egin dezan eskatu dio Europako Batasunari: «Europako Batasunak migrazio politika aldatzeko agindu behar lioke Belgikako Gobernuari». Erabaki irmorik hartu ezean, manifestariek berriro gose grebari ekingo diotela baieztatu du Chamek.
Belgikan 150.000 lagun bizi dira dokumentaziorik gabe. Horietako askok urteak daramatzate han bizitzen, baina gobernuaren begietan «ikusezinak» direla salatu du Chamek. Belgikan bizi diren etorkinek «beste edozein herritark dituen eskubide berak eskatzen dituztela» aldarrikatu du: «Lan egin nahi dugu. Kalean lasai ibili nahi dugu, ez Poliziak atxilotuko gaituen beldur. Bizitza sinple eta lasai batez gozatzeko eskubidea besterik ez dugu eskatzen».
Duela ia hamahiru urte iritsi zen Cham Belgikara, eta beste ehunka migratzaileren antzera, dokumentaziorik gabe bizi da. Belgikako Gobernuak hartuko dituen erabakien zain dago, baina aipatutako «erregularizazio ituna» gose greba egin duten migratzaileentzat bakarrik bada, «alferrik» dela esan du: «Dokumentazioa lortzeko modu bakarra hilzorian egotea bada, herri guztietako migratzaileek gose greba hasiko dugu».