Kennedyren heriotza

Gure laguna... zen

1963ko azaroaren 22ko egunak historian toki berezia hartu zuen belaunaldi oso batentzat. Egun hartan hil zuten John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentea. Euskal Herrian ere zirrara eragin zuen gertakari hark.

John F. Kennedy.
Irune Lasa.
2013ko azaroaren 18a
18:59
Entzun

Azaroaren hogoi ta bia,
ilundu ta bereala,
mundu guziak entzun izan du
ihurzuri bat bezala:
Amerika'ko president ona
tiro batez hil dutela;
horra Satanen herrazko lana,
ezin ditaike bertzela

Xalbador

Eziñ sinistaturik
nago oraindikan
gertatu danarekin
Ipar-Amerikan;
berri negargarriyak
gaur datoz andikan,
Dallas deitzen dioten
erri batetikan.

Manuel Matxain

"Kennedy hil dute, Kennedy hil dute...". Datorren ostiralean beteko dira 50 urte AEBetako presidente John Fitzgerald Kennedy tiroz hil zutela Dallasen. Sekulakoa izan zen albisteak eragin zuen zirrara. Ezaguna da esaldia: jende orok gogoratzen duela Kennedyren hilketaren berri izan zuen momentua... Hil zutena ez zen nornahi-eta, AEBetako presidentea zen, eta hori baino gehiago, Kennedy zen, Kennedy!

Gaztea, katolikoa, emazte dotorearekin, familia eredugarriarekin... 60ko hamarkada aire berriekin zetorren AEBetako Gobernura ere, telebistan irribarre egiten zekien John F. Kennedy 1960ko azaroan presidentetzarako hauteskundeak irabazi eta 1961eko urtarrilean Etxe Zurira iritsi zenean. Eta magnizidioa etorri zen. AEBetako presidentea hil zuten, eta kolpe bat bezalakoa izan zen albiste hura askorentzat, Kennedy berezia zelako jendearentzat, eta haren heriotzak, une hartan behintzat, mitoa sortu zuen.

Aire berri haiek itxaropenen bat piztu al zuten jendearengan? Edo berezkoa zuen karisma zen? Edo telebistan eder agertzen zen gizon lerdena zelako zen? Edo, gerra hotz bete-betean, Europako Mendebaldeko herrialdeetan haren inguruan egin zen propaganda itzela zen? AEBetako presidentea katolikoa izateak ere bazuen balio bat garai hartako euskal herritarrentzat... Eta egia da, norbait hiltzen denean, hildakoaren alde onenak gogoratzea izaten dela ohikoena. Are gehiago heriotza horren odoltsua izanda, hedabideek zuzen-zuzenean jarraitutakoa, erailketa haren atzeko oraindaino argitu gabeko misterio haiekin guztiekin. Baina horrek guztiak esplikatzen du Kennedyren heriotzak hainbatengan eragin zuen zirrara?

"Mundu guztia izu-ikaraz eta atsekabez betea arkitzen da", esan zuen Zeruko Argia-k ia hamar egunera, abenduaren 1ean argitaraturiko zenbakian, "Kennedy il egin dute" lerroburu pean. Azaleko testuan, gertakari guztien azalpenaz gain, zenduaren bizitza eta nortasuna ere hizpide zuen aldizkariak: "Lendakari gazte onek Ipar Amerikari bizitasun berria eman dio. Mundu guztian atsegiñez begiratzen zitzaion. Burutsua, biotz ikara gabe, lan guztietan yayo, zuzena, maitakorra ta irriparrez. Garbi itzegiten zuan. Bere andrea ta umetxoak maite zituen Kennedy gaurko munduak lur gañean zeukan gizonik onena, zuzenena eta azkarrena zan".

Hilketatik sei egunera, haren berri Zeruko Argia-k baino lehenago, azaroaren 28ko zenbakian, Herria aldizkariak eman zuen: "Kennedy presidenta hil dute". Eta orri horietan ere ez zen falta Kennedyren goraipamenik. Azken Agurra titulupean irakur zitekeen, adibidez, nola familia aberatsekoa zen; nola gizon indartsua zen —"gorputz lerdena, sorbaldak zabal, bilo putsuka bat landatua zut, kasko gainean"—; nola mintzatzen bazekien... "Bainan ez zituzte beretu ez diruak ez gorputzeko indarrak, ez botere pasaiak; ez aise mintzatzeak emaiten duen urgulu erhoak".

Laudorioak

Ugari izan ziren bai laudorioak, eta ez soilik egunkari eta aldizkarietan. Aurreko bertsoa, adibidez, Xalbadorrek egun haietan Kennedy presidenta zanari jarritako bertso sortako bat da. Eta bertso haietako batean ere presidente ona goraipatzen zuen:

On izaitea kaltegarri da
orai hemendik aitzina,
onaren gatik zuri, Kennedy,
dauzute lana egina,
jendeak aski erakutsi du
zutaz hartu duen mina,
etzen hoinbertze nigar entzunen
gaixtoa izan bazina

Negarraz hitz egiten zuen Rikardo Arregi kazetariak ere egun haietan. Nazioarteko gaien analisiari eskaintzen zion Zeruko Argia-ko txokoa "Agur, Kennedy on, agur", esanez hasi zuen. "Nik ez dizkiat deklarazio aundiak egingo, ez diat tronpeta joaz, i ill aizela ta negar egingo. Nik, nere irakurle sorta laburrarekin, negarrez, agur bero bat eman nai diat, gizon eta kristau bezela. Eta baita ere gazte bezela".

Lerro haietan, Kennedyri eskerrak ematen zizkion Arregik, "gizonarengan sinistu dekelako", "egiarengan sinistu dekelako", "pake aizeak" zabaldu zituelako. Baina bere espiritu kritikoari eusten zion Arregik orduko hartan ere: Kennedyk egindako guztiekin ez zen beti bat etorri. "Badakik, erri txiki batekoa nitxok eta beti zioet bildurra aundiei eta indartsuei, hauek indarra ugari izateagatik, beti arrazoiaren bitartez jokatu bearrean indarraren bitartez jokatzeko tentazioa izaten diek eta. Orregatik, batzuetan ire esan eta egiñen kontra izan naitxok, bañan demokraziaren bizia dek dana bat ez pentsatzea".

Negarra aipatzen zuen egun haietan Luis Rezola Arana bertsolariak ere, goraipamen tonu askoz apalagoa zuen bertso batean:

Berri kaskarrak datoz
Ameriketatik,
tiroz Kennedy il dute,
eztakit zergatik.
Negar egindakoak
badira gogotik.
Oinbeste pena artu
ango batengatik?
Aiek ez dute egingo
negar guregatik.

Aldizkarietako lerro eta bertsoen bidez soilik ez, musika bidez ere omendu nahi izan zuten Kennedy Euskal Herrian. Hala, Jose Maria Bastidak Presidente Kennedy ereserkia egin zuen. "Donosti ta Irun'en egin ziran Amerika ta Espaiñi arteko Anaitasun jaietan lenengo aldiz jo zan", azaldu zuen Zeruko Argia-k; eta Bastidak eskutitzez Kennedyren alargun Jacquelinen esker ona jaso zuela. Gero, Irungo Udal Musika Bandarekin, Bastida zuzendari zela, Presidente Kennedy diskoa atera zuten 1964an.

Bastidak jasotakoa ez zen izan Jacqueline alargunak sinatuta Euskal Herrian jasotako gutun bakarra. Zeruko Argia-n agertu zen horren berri. Nola "Albizu'tar Zelestino'k, zarauztar mutiko yayuak" Kennedyren seme-alabei gutuna bidali zien eta nola erantzuna jaso zuen. Egun haietan Jacqueline Kennedyk 700.000 karta jaso omen zituen mundu guztitik. "Euskeraz ere, bat artu du beintzat gutxienez".

Gutun xaloa

Zarautz'tik.
Yon eta Karolina lagunak: Eguberri On eta Urte Berri On deseatzen dizuet.
Egun auetan mundu guztitik idatziko dizuete, ta nik euskeraz egiten dizute nere eskolako lagunen izenan.
Badakit gizon txar batzuk zuen aita il dutela. Asko sentitzen det gertau dana.
Zuek triste eongo zerate orain. Gaixoak!
Pixkat alegratzeko, nai baldi badezute udara pasatzera nere etxera etorri.
Oso ondo pasatuko degu. Goizean Hermanuen eskolara jungo gera partikularrea, ta gero egun osoa kostara.
Zuen erantzuna artu arte. Agur.

                                             Albizu'tar Zelestino

Gutuna inglesez ere idatzi zuen Zelestinok beste paper batean. Eta gutxira, erantzuna jaso zuen:

New York
Dear Albizu'tar Zelestino.
Thank you very much for your thoughtfulness.
My children and I deeply appreciate your message of sympathy written in a language entirely unknown to us until this moment.
As the same time we regret to turn down your kind invitation for the coming Summer holidays.
Yours sincerely.

                                             Jacqueline Kennedy

(Itzulpena: Albizu'tar Zelestino adiskidea. Eskerrik asko zure gutunarengatik. Nire haurrek eta nik asko estimatzen dugu zure adiskidetasun mezua, orain arte erabat ezezaguna zitzaigun hizkuntza batean idatzia. Era berean, sentitzen dugu datozen udako oporretarako zure gonbidapen adeitsuari ezezkoa eman behar izana).

Berrogeita hamar urte geroago, egun Madrilen bizi den Zelestino Albizuk azaldu du, jakina, gutun hura ez zuela bere ekimenez idatzi: "7 urte nituen!". La Salle eskolako fraideren batek ikaskideei emandako lana izango zela: "Eta nire kaligrafia ona izango zelako-edo egingo nuen nik...".

"Tarte batera Pentagonotik karta bat iritsi zela gogoratzen naiz, a ze ustekabea! Zigilu ofizial eta guzti...". Eskuz idatzita sinadura soilik, Jacqueline Kennedy, zegoela gogoratzen du Albizuk. Urteetan gorde zuen gutuna, baina hara-honaren batean galdu zuen. "Agian, paperen artean izango dut...". Pasadizoa bera ere ahaztua zuen Albizuk, BERRIAko kazetariak galdezka deitu dion arte. Barre egiten du, ikaskideen laguntzaz 7 urterekin idatzi zituenak berriz entzutean. "Ez nuen kezka berezia izan gutun hura gordetzeko; batetik, ez naizelako mitomanoa, eta, bestetik, urteetan aurrera egin ahala joan nintzelako gizon hark egiaz egin zituenez, Cochinos Badiakoa adibidez".

"Nik ulertzen du fraideen borondate ona", gaineratu du Zelestino Albizuk; "pentsatzen dut ariketa haren helburua ez zela gu manipulatzea... Baina argi daukat; egun norbaitek Obamari tiro egiten badio, nire semeari ez nioke halako zerbait eginaraziko".

Izan ere, mende erdi eta hainbat presidente estatubatuar igaro direnean, atzera begira, garai hartako xalotasuna deigarria da, bai 7 urteko haur haiena, baita nagusiagoena ere. Eta horrela ikus daiteke, Kennedyren hilketatik bost bat urtera, anaia Robert ere erail eta gero, Erlak bikoteak izugarri ezagun egin zuen Kennedy gure laguna zan abestia. Imanol Urbietarena zen musika, eta Joxe Angel Legorbururenak hitzak.

Kennedy gure laguna zan,
anai bat bezela.
Azkatasunaren Kennedy
zergaitik zaude hilla?

Horrela hasten zen kanta, eta lelo bitxia zuen:

Bakoitzak hil du
gurea dan Kennedy
azkatasuna
maite zuan Kennedy

Kanta guztiek zentsura pasa behar zuten garaian idatzitako abesti hartaz Egunkaria-n hitz egin zuen Legorburuk 1999an, "metafora moduan" erabili zela argituz. "Berari baino gehiago, hemengo askatasun faltari kantatu nahi izan genion".

Belaunaldi berriei ere neurri batean ezaguna zaie Erlak taldeko ahizpek kantatzen zutena, Negu Gorriak taldeak 1993an, Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan, kantatzen zuen JFK abestiak Kennedy gure laguna zan hura hartzen baitzuen oinarri, Kennedy ez, hildako beste lagun amerikar batzuk —Che Guevara, Malcolm X, Angela Davis, Emiliano Zapata, Augusto Sandino, Tupac Amaru...— aipatzeko.

Metafora izan edo ez, Kennedy eta kennedytarren inguruko mitomania hor egon da urte luzetan. Eta arrastoa hor dago gurean ere. Adibidez, Miarritzen etorbidea du Kennedyk bere izenarekin. Eta, urte askoan, Lekeitioko atunontzi batek John F. Kennedy izena eraman zuen —dirudienez, armadoreek horretarako baimena eskatu omen zioten Kennedy zenaren alargunari—.

Kennedyren heriotzaren inguruko misterioak, haren anaia Roberten erailketa, haren maitaleren baten agerpena eta alargunaren nondik norakoak, Kennedy izena beti boladan egon zen hainbat urtetan. Adibidez, Anaitasuna aldizkarian orrialde oso bat argitaratu zen 1968ko apirilean Zegaitik ezin leiteken Jacqueline Kennedy barriro ezkondu titulupean.

Egia esan, Kennedyren alargunak urte luzez eman zuen zeresana, are gehiago Aristoteles Onassis ontzijabe greziar aberatsarekin ezkondu zenean, 1968ko urrian. Manuel Matxain bertsolariak atsekabetuta hartu zituen horren inguruko zurrumurruak.

Jacqueline izeneko bertso sortan, bigarren ahapaldian gogoratzen zuen Matxainek nola idatzi zuen alargunaz Kennedy hil zutenean:

Kennedy zana il zutenian
jarri nituan bertso barriak,
zure samiña nolakoa zan
ikusi zezan Euskalerriak

Eta, jakina, sinestezinak zitzaizkion Matxaini Onassisi buruzko zurrumurruak. Desilusioa nabari zitzaion bosgarren eta seigarren bertsoetan:

Esan didate zure samiña
etzala egia, zala gezurra;
zuk ez dezula, nion bezela
biotza ona eta xamurra;

aztu zaizula badala erri bat
bere izena duana Dallas,
aztu zaizula zure aurretik
nola izan dan Maria Callas

Aldaketaren itxaropena

Iñaki Goiogana historialariaren ustez, 2008ko azaroan Barack Obamak AEBetako presidentetza eskuratu zuenean gertatu zenaren antzekoa izan zen bere garaian Kennedyren figurarekin gertatutakoa. "Belaunaldi aldaketa moduko bat izan zen. Pertsona berri bat zetorren, ezberdina... 'Ea gauzak beste modu batera egiten dituen'... halako esperantza batzuk izan ziren". Obama presidentetzara iristen zen lehen beltza bazen, Kennedy lehen irlandarra izan zen, ordura arte AEBetan irlandarrak bigarren mailako herritartzat jotzen zirenean. Eta gaztea zen gainera.

"Eta gero, nola kargua hartu eta urte pare batera hil zuten, horrek nolabaiteko mito bat sortu zuen. Obamarekin, berriz, zortzi urterantz doa bere agintaldia, eta denbora eman du egin dituenez jabetzeko, Kennedyrekin ez bezala".

Goioganaren ustez, egia da egiteko modu berriren batzuk ekarri zituela Kennedy presidenteak, "adibidez, haien herrialdeko beltzen egoeran sartu ziren buru-belarri John F. Kennedy eta haren anaia Robert, edo behintzat nahia erakutsi zuten... Eta horrek mundu zabalean izan zuen oihartzuna".

Baina Kennedy anaiek beltzen eskubideen alde egindakoak lausotuak geldituko ziren historialariak eta historiako gertakariak Kennedyk bi urte eskasean egindako politikak argitan jartzen hasi zirenean; esate baterako, Latinoamerikako hainbat diktadoreri babesa eman izana, edo behintzat kontra ez egin izana, komunismoaren kontrako bere politiken barnean. Vietnam, Kuba... Familia eredugarriaren beraren irudia ere erabat hautsi zen.

Eta aldaketa egarri zen belaunaldi gazte hura zahartzen joan zen heinean, xalotasuna galtzen joan zen heinean, noizbait laguna izan zen Kennedy, hartantxe gelditzen joan zen, noizbait laguna izan zena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.