Gurutze Gorriak FranceTV telebistari jakinarazi dionez, atzo Kano hirian (Nigeria) izan zen atentatu oldean hildakoak 121 dira dagoeneko. Boko Haram talde islamistak burutu ditu erasoak, bonbaz eta tiroz. Talde hori bera da abenduaren 25ean eliza baten aurkako erasoan 44 lagun hil zituena. Orduan egin zuen bezala, atzo atentatuak burutu eta berehala bere gain hartu zituen telefono dei batean.
Hildakoen artean segurtasun indarretako kideak eta zibilak daude. Nigeriako Gobernuak etxeratzeko agindua eman du hurrengo 24 orduetan. Boko Haramek esan du atzokoa dela euren taldeko zenbait preso askatzeko ezezkoaren aurrean euren erantzuna.