Egunez egun, ordea, presidenteak dimisioa eman dezan nazioarteko presioa areagotzen ari da. Frantziako Atzerri ministro Dominique de Villepin Haitiko kargukide Joseph Philippe Antoniorekin bildu zen atzo Parisen eta, bileraren bukaeran, «indarkeria eragozteko» agintea uzteko eskatu zion Aristideri. «Egungo egoeraren erantzule nagusia da eta ondorioak atera beharko ditu», adierazi zuen De Villepinek asteazkenean ere haren dimisioa eskatu zuen.Kanadako Atzerri ministro Bill Graham ere bat etorri zen De Villepinekin: «Herrialdearen egoera larria dela onartu behar du presidenteak eta herritarren onerako dauden aukera guztiak hartu beharko ditu aintzat».Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Colin Powellek agintean jarraitzeko aukera «sakon» aztertzeko eskatu zion atzo Aristideri: «Demokratikoki hautatu den presidentea da, baina dauden zailtasunak ikusita bere agintaldiak eraginkorra izaten jarraitzeko aukera dagoen aztertu beharko du».
Nazioarteko soldaduak
NBE Nazio Batuen Erakundea nazioarteko indar bat bidaltzeko aukera aztertzen ari da. Oposizioa eta gobernuaren artean «adostasun politikoa» lortzera baldintzatzen du erabakia.
Bien bitartean, AEBetako presidente George Bush, berriz, nazioarteko soldaduak bidaltzeko prest agertu zen atzo, baldin eta herrialdean «egonkortasuna bermatuko duen gobernu akordioa lortzen bada». Hainbat informazio iturriren arabera, Washingtonek 2.200 soldadu bidaltzeko asmoa iragarriko du aurki.Bestetik, Jean-Bertrand Aristidek ihes egingo duela aditzera ematen duten zurrumurruak gero eta ugariagoak dira. Batasun Demokratikoko Konfederazioko buruzagi Evans Paulek presidenteak «datozen orduetan» alde egingo duela esan zuen atzo. Panamak ukatu egin zuen, ordea, Aristidek asilo eskaera egin zionik. Oposizioko ordezkariek, berriz, Aristideri «ordu gutxi» gelditzen zitzaizkiola ohartarazi zuten atzo. Halaber, «indarkeria saihesteko» herritarrei jarrera bakezalea izateko eskatu zieten .Jean-Bertrand Aristideren kontra ari diren matxinoek beste bi hiri hartu zituzten atzo: herrialdeko hirugarren hiri handiena den Les Cayes hegoaldean eta Mirebalais hego-ekialdean. Atzo hiriburutik 57 kilometro eskasera dagoen Mirebalais hiria hartu zuten kontrolpean, hain zuzen ere, matxinoek. Bihar Port-au-Prince hartzea espero dute Guy Philippe buruzagiak bere urtebetetzeahiriburuan ospatu nahi zuela adierazi zuen .
Hildakoak hiriburuan
Atzo, gutxienez, hamar pertsona hil ziren Port-au-Prince hiriburuan, liskarrak nagusi izan ziren gauaren ostean. Dalmas 2 auzoan sei lagun agertu ziren hilda eta beste lau Petionvillen. Azken horiek hainbat tiro zituzten buruan eta eskuetatik eta hanketatik lotuta zeuden. Bestalde, bertako iturriek jakinarazi zutenez, «hildako ugari» zeuden Cite Soleil auzo txiroan. Itxura guztien arabera, Gobernuaren kontroletik kanpo dago hiriburua. Lapurreta ugari izan dira eta baita kazetarien aurkako eraso ugari ere. Herritar gehienak etxean geratu dira.
Aristideren aldekoek barrikadak ezarri zituzten herenegun hiriburuan matxinoen sarrera eragozteko.
Herritarrei etxetik ez ateratzeko eskatu zitzaien. Atzo Port-au-Princeko kaleak hutsik zeuden, nahiz eta hainbat auzotan tiro hotsak entzun ziren. Zenbait dendatan ere lapurretak izan ziren, herritarren arabera.
Matxinoek herrialdearen erdiaren kontrola dute beren gain eta, dagoeneko, Haitin dauden bederatzi eskualdeetatik bost eskuratu dituzte. Soilik Port-au-Prince, Jeremie eta Jacmel hiriak gelditzen ziren atzo Aristideren kontrolpean.Halaber, Fond des Negres, Cavaillon, Cote de Fer, Grand-Goave etaAquin herrietako polizia etxeak erre zituzten atzo matxinoek.
-
ERREFUXIATUAK
Babesa emateko eskatu die NBEk ondoko herriei
Haiti inguruan dauden herrialdeetako agintariei errefuxiatuei babesa eman diezaieten eskatu zien atzo UNHCR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Goi Batzordeak. «Gizatasunez aritzea espero dugu», esan zuen erakundeak Amerikan duen ordezkari Hope Hanlanek. 1951. urtean hitzartu zen Errefuxiatuen Konbentzioan ezartzen den moduan, iheslariek «nazioartearen babesa jasotzeko eskubidea» dutela ohartarazi zien Hanlanek.
Hainbat informazio iturriren arabera, dagoeneko 400 haitiarrek eskatu dute asilo politikoa inguruko herrialdeetan. Hain zuzen ere, 300 errefuxiatuk Dominikar Errepublikan eskatu dute asiloa, 62k Jamaikan eta beste 30ek Kuban.