Mosulgo Defentsa Zibilerako Agintearen arabera, hondoratu zen ferryak legez eraman zitzakeen bidaiarien kopurua bikoiztu egin zuen, eta horrek eragin duela hondoratzea. Bidaiari anitz Mosuldik lau kilometrotara dagoen Umm Rabaen uharteko aisialdi gunera zihoazen Newroz besta ospatzera —islamaren aitzineko aroan jatorria duen ospakizuna, bertzeak bertze kurduentzat egun nazionala dena—. Gutxienez hildakoetako hemeretzi adingabeak direla jakinarazi dute agintariek.
"Emakumeak eta haurrak ikusi ditut eskuak astintzen laguntza erregutzeko, baina ez zegoen inor haiei laguntzeko", adierazi zion Mohamed Masud funtzionarioak Reuters agentziari atzo. "Ez dakit igerian, ezin nuen lagundu. Jendea itotzen ikusi dut".
Ezbeharraren tokira bisita egin du gaur Barham Salih presidenteak. Nazioarteko berri agentziek jakinarazi dutenez jendetza bildu da haren aurka protesta egitera, eta autoko kristalak xehatu dizkiote. "Erreskate taldeek ez dute deus egin nire hiru naiak erreskatatzeko", salatu dio Nahla Awad Kirkukeko herritarrak Espainiako Efe agentziari, Salihren aurkako protestan parte hartzen ari zenean. "Erantzuleak justiziaren aitzinera eramatea nahi dugu", erran dio Mohammed Adel 27 urteko gizonak Reuters agentziari —aita hil zaio istripuan—. Adel Abdul Mahdi lehen ministroak istripua ikertzeko agindu zuen atzo, eta Twitter bidez adierazi zuen "erantzuleak" zein izan diren argituko dutela.
Mosul Irakeko hiri handienetan bigarrena da, Bagdad hiriburuaren ondoren. 2014an EI Estatu Islamikoak konkistatu zuen, eta 2017ra arte han kokatu zuen haren kalifa herriaren hiriburua. Urte horretan berreskuratu zuen Irakeko armadak. Borrokan guztiz suntsituta gelditu zen.