Egoera «ikaragarria» dela esan du Ekuadorko Espetxe Zerbitzuko zuzendari Bolivar Garzonek. Izan ere, herrialdeko espetxeetan inoiz gertaturiko borrokarik odoltsuena gertatu da Guayaquil hiriko Litoral presondegian. Agintarien arabera, gutxienez 116 preso hil dira eta beste 80 zauritu gaizkile taldeen arteko borroka batean. Gutxienez bosti burua moztu diete, eta beste batzuk tiroz hil dituzte. Borrokan granadak ere erabili dituztela adierazi du Poliziak.
Azkenean, espetxearen kontrola hartu dute poliziek, baina 400 agente behar izan dituzte horretarako. Herrialdean 14:00ak zirela sartu dira espetxean, eta gorpuak zenbatzen hasi dira.
Gatazka giroa dute Ekuadorko espetxeetan. Joan zen otsailean, 79 preso hil zituzten aldi berean pizturiko borroketan.
Poliziaren arabera, espetxeko eraikin bateko presoak beste batera joan ziren tunel batetik, eta han eraso zieten beste taldeko presoei.
Herrialdeko presidente Guillermo Lassok larrialdi egoera deklaratu du espetxe sisteman 60 egunez. Adierazi duenez, biktima guztiak presoak dira.
Mexikoko kartelen eskua
Ekuadorko hedabideen arabera, Mexikoko droga kartelek agindu dute matxinada. Izan ere, Litoral espetxean Los Choneros taldeko presoak daude, eta, uste denez, horrek lotura du Mexikoko Sinaloako kartelarekin.
Droga merkatua kontrolatzeko lehian ari da harekin Jaliskoko Belaunaldi Berria kartela.
«Penagarria da kartzelak gaizkile taldeen arteko lehia eremu bihurtu nahi izatea», adierazi du Lasso presidenteak.