Lehen erasoan, bi lagunek soinean zeramatzaten lehergailuak eztandarazi dituzte Al Hashush meskita xiitaren barnean, Sana hiriburuko Al Yarraf auzoan. Une batzuk geroago, meskita horren kanpoaldean zegoen auto batek egin du eztanda. Bigarren erasoa Badr meskita xiitan egin dute. Bertan, Mortada al Muhaduari imama hil da.
Gatazka betean da Yemen. Atzo, Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen aldeko indarrek base militar bat hartu zuten Adenen, eta hiriaren gaineko kontrola sendotu zuten. Ali Abdula Sale presidente ohiaren aldeko miliziak geldiarazteko tankeak hedatu zituzten hirian. Bestalde, hutiek Hadiren jauregia bonbardatu zuten Adenen. Ez zen biktimarik izan, jauregia aldez aurretik hustu baitzuten.