Gutxienez 13 pertsona hil dituzte Indiako hiru hiritan egindako atentatuetan

Uttar Pradesh estatuko Justizia egoitzen aurka egin dituzte erasoak; hildako gehienak abokatuak dira

2007ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Uttar Pradesh Indiako estatuan egindako hiru atentatutan gutxienez 13 pertsona hil eta 60 inguru zauritu zituzten atzo. Varanasi, Faizabad eta Lucknow hirietan ia momentu berean zartarazi zituzten Justizia egoitzen inguruetan jarritako lehergailuak. Abokatuak dira hildako gehienak, eguerdi partean lantokitik irteten ari zirela lehergailuen eztandek harrapatutakoak.

Varanasi hiri sakratuan egindako erasoak eragin zituen kalte handienak. Hiru lehergailuk egin zuten eztanda udal auzitegian. Ondorioz, gutxienez bederatzi pertsonak galdu zuen bizitza eta 45 lagun inguru ospitalera eraman zituzten zaurituta. Hildakoen artean bederatzi abokatu daude, Brij Lal Uttar Pradeshko goi funtzionario batek aditzera eman duenez. Hiru bonbetatik bi bizikleta banatan jarriak zituzten erasotzaileek.

Minutu gutxi batzuen buruan, beste bi leherketa izan ziren Faizabaden, Varanasitik 175 kilometrora. Erasoan lau pertsona hil eta 14 zauritu zituzten. Handik gutxira, Lucknowen egindako atentatuak eragin zituen kalterik txikienak. Auzitegi zibiletik gertu jarritako lehergailua indar gutxikoa zen antza, eta ez zuen hildakorik eragin. Hiri horretan bigarren bonba batdeuseztatzea lortu zuen Poliziak.

Erasoen jomuga izandako hiriak Indiako iparraldeko Uttar Pradesh estatuan daude. Herrialdeko biztanleriaren zati handi bat pilatzen da aipatu estatuan. Halaber, Indiako Justizia egoitzek hartu ezin dituzten abokatu askok bulego inprobisatuetan egiten dute lan, etxarte eta inguruetan eraikitako etxoletan. Azpiegitura egokirik gabe, leherketek kalte handiak eragin zituzten Justizia egoitzen inguruetan.



ABOKATUEN AURKA. «Konspirazioa izan da. Herrialdeko oreka hautsi nahi duten taldeen lana», salatu du Sriprakash Jaiswal estatuko Barne ministroak. «Auzitegiei eraso diete, jende mordoa biltzen delako horietan». Padam Kriti Uttar Pradeshko Abokatuen Elkarteko bozeramaileak bestelako iritzia du, ordea. Estatuko abokatuek urte hasieran ustezko ekintzaileak defendatzeari uko egin zioten, eta erasoen bidez erabaki hori zigortu nahi izan dutela uste du horregatik.

Polizia iturrien arabera, lehergailuak bizikletetan zeuden jarriak, eta tenporizagailua zeramaten, ia momentu berean lehertu zitezen. Mayawati estatuko gobernuburuak ziurtatu duenez, ordea, herrialdeko informazio zerbitzuek huts egin dute, erasoak egingo zituztela aurreikusi ez zutelako.

Poliziak erasoak zeinek egin dituen ziurtatuko duen daturik ez duela azaldu du. Hala ere, Indiako Mujahidinak izenez ezaguna den talde islamistak bere gain hartu ditu atentatuak, Indiako telebista kate batera bidalitako mezu elektronikoan. Antza bonbek eztanda egin baino minutu batzuk lehenago bidali zuten oharra.

Agintariak jasotako oharra egiazkoa den aztertzen dira orain. NDTVk oharra Frantziatik bidali zutela adierazi du, ikerketako iturriei erreferentzia eginez.

Indiako Mujahidinak erasoen egiletza bere gain hartuz zabaldutako oharrean, iragan abuztuan Hyderabad hirian egindako erasoa ere bere gain hartu du. 42 hildako eta 70 zauritu inguru eragin zituzten orduan.

Urtea hasi zenetik bonba eraso ugari egin dituzte hainbat taldek herrialdean. Horietatik hildako gehien eragin zituena iragan otsailean egindakoa izan da. New Delhi hiriburutik Lahorera zihoan trenaren aurka egindako atentatuan 67 lagun hil zituzten.

Iragan maiatzean gutxienez bederatzi pertsonak galdu zuten bizitza Hyderabadeko mezkita historikoaren aurkako erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.