Lurrikara

Gutxienez, 160 lagun hil dira Pakistanen lurrikara baten ondorioz

Hego-mendebaldeko Balotxistan probintzia astindu du Richter eskalan 6,4ko indarra hartu duen mugimendu sismikoak.

2008ko urriaren 29a
16:12
Entzun
Richter eskalan 6,4ko indarra hartu duen lurrikarak astindu du Pakistango Balotxistan probintzia, eta orain arteko zenbaketaren arabera, gutxienez 160 lagun hil dira. Horiek zenbatu dituzte orain arte, probintziako agintariek agertu dutenez. Gainera, kopuru horrek gora egingo duela aurreratu dute.

Heriotza andana eragiteaz gain, ehunka etxe eta bestelako azpiegitura suntsitu dituzte lurrikarak eta ondorengo luiziek. 15.000 bat lagun gera daitezke etxerik gabe.

Agintariek agertu dute Pakistango armada buru-belarri ari dela sorospen lanetan, zaurituak erreskatatzen eta gorpuen bila. Halaber, laguntza materiala helarazteko bideak irekita daudela azpimarratu dute. Nolanahi ere, lurrikara gertatu den ingurua oso menditsua da eta azpiegitura eskasekoa. Ondorioz, zailak ari dira gertatzen salbamendu lanak.

Ziarat ingurua izan da kaltetuena. Bost herritan etxebizitza bakar bat ere ez dela zutik geratu agertu du Dilawar Kakar eskualdeko agintariak, eta laguntza humanitarioa helarazteko eskaera egin du. "Mundu osoari dei egiten diot laguntzeko. Janaria behar dugu, botikak behar ditugu. Arropa sendoak behar ditu jendeak, hemen hotza egiten du-eta", galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.