Hpakant eskualdean, Sate Mu herrian izan da luizia. Montzoiak eragindako euriteen ondorioz, 304 metro inguruko muino bat behera joan da, eta inguruko meategi batean lanean ari ziren 162 meatzari hil ditu. Agintariek ohartarazi dute, hala ere, ehunka izan daitezkeela lurpean harrapatutako meatzariak, eta litekeena dela datozen orduetan hildako horiek gehiago izatea.
Kachin estatuan ohikoak dira halako luiziak, batez ere Hpakant eskualdean, jade meategi ugariengatik hain ezaguna den horretan. Inguruko herritar gehienek jade meategietan egiten dute lan, baina horietako segurtasun neurriak ahulak izan ohi dira, eta maiz gertatzen dira istripuak. 2015ean, esaterako, beste 116 meatzari hil ziren beste luizi baten ondorioz.