Pakistango hego-mendebaldean kokatua dagoen Balutxistan eskualdean gutxienez 170 hildako eta 400 zauritutik gora laga ditu lurrikara batek. Atzo goizaldean izan zen astinaldia, Richter eskalan 6,4 gradukoa.Kalte material handiak ere eragin ditu: 1.500 eraikin inguru erori dira, 15.000 bat lagun kale gorrian utziz. Gainera, lurrikara gertatu eta hamabi ordura erreplika bat izan zen, Richter eskalan 6,2 gradukoa.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Zerbitzu Geologikoek zabaldutako argibideen arabera, Ziarat haranean egon zen epizentroa, Qetta hiri nagusitik 70 kilometrora eta Islamabad hiriburutik 640ra. Balutxistan Pakistanen egonda ere, Afganistanekin muga egiten duenez, astinaldiaren epizentrotik 185 kilometrora dagoen Kandahar hiri afganiarrean ere nabaritu zuten lurrikara.
Bestalde, epizentroa lurrazaletik hamabost kilometrora eskasera egonik, kalte materialak ere oso handiak eragin ditu 50.000 bizilagun dituen Ziarat barrutian. Gainerat, astinaldia goizeko lehen orduetan- zehazki 05:10ean - gertatzean, lotan harrapatu zituen biztanleak. Etxebizitzak buztinezkoak izaki, erabat suntsituta geratu dira. Ziarat barrutiko gobernari Dilawar Khanek emandako datuak dira horiek, behin behinekoak. Izan ere, orduak aurrera doazen heinean zifra beltza haziz doa.
Ziarat hiri nagusiaz gain, beste zazpi herri ere ia osorik suntsituta geratu dira. Hondamendia gertatu ondorengo lehen orduetan bertan 3.000 denda helarazi dituzte Ziaratera, etxerik gabe geratu direnentzat. Agintariek, dena den, aski ez direla jakinarazi dute. Haien arabera, gutxienez 10.000 beharko lirateke beharrei erantzun ahal izateko. Izan ere, lehen zenbaketa baten arabera, 12.000 eta 15.000 lagun artean geratu dira bizitokirik gabe.
Hamabi ordura, erreplika
Salbakuntza lanetan buru-belarri zebiltzala, lehen astinalditik hamabi ordura, erreplika indartsu bat gertatu zen. Sorosleak eta herritarrak etxe hondakinen artetik hildakoen gorpuak eta zaurituak jasotzen ari ziren une hartan. Lehen argibideen arabera, ia lehen astinaldia bezain indartsua izan den erreplikak ez du biktima gehiago eragin; baina kili-kolo zeuden etxeak lurrera bota ditu. Izualdia ere sortu du hondamendiak bizirik utzi dituen herritarren artean.
Eskualdeko agintariek zein Islamabadekoek sorospen eta laguntza neurriak azkar jarri zituzten martxan. Hala, lurrikara gertatu eta berehala, Pakistango armadako dozena bat helikopterok dendak, estalkiak, sendagailuak eta elikagaiak eraman zizkieten kaltetuei. Izan ere, hondamendia gertatu den lekura airez bakarrik iritsi zitekeen azkar, Ziarat eta Quetta arteko bidea moztuta geratu baitzen.
Era berea, AEBetako Gobernua ere hasia da NBE Nazio Batuen Erakundearekin eta Islamabadekin negoziatzen, laguntza bidaltzeko.Momentuz kalteak neurtzen ari direla jakinarazi du Sean McCormack AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaleak.
Lurrikarak maiz gertatzen dira Pakistanen. Azken aldietako bortitzena 2005ko azaroan Azad Kaxmirren gertatutakoa izan zen. Richterren eskalan7,6 gradu izan zituen eta87.000 hildako inguru eragin zituen, eta 3,5 milioi herritar kale gorrian utzi.
Pakistanek AEBei protesta
Bestalde, pasa den urriaren 26an egindako aire erasoaren harira, AEBetako enbaxadore Anne Petersoni Pakistango Atzerri ministeriora joateko deia egin diote. Haren bitartez helarazi nahi dizkio Islamabadek kexuak Washingtoni.
Joan den abuztutik AEBetako armadak aire erasoak egin ditu Afganistanekin muga egiten duen Hego Waziristanen. Bertan dauden gerrillari talibanak amaitzea dute helburu. Afganistandik abiatzen diren piloturik gabeko hegazkinek botatako misilek hainbat zibilen heriotza eragin dute orain artean eskualde horretan. Hala, urriaren 26ko aire erasoan, hamasei izan ziren hildakoak. Horiek ez dituela onartzen ohartarazi dio Islamabadek Washingtoni.
Gutxienez 170 hildako eta 400 zauritu eragin ditu lurrikara batek Pakistanen
Richter eskalan 6,4 graduko lurrikara izan da, eta kalte material handiak ere eragin ditu Balutxistan eskualdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu