IRAK

Gutxienez 18 lagun hil dira hainbat erasotan, Bagdaden

Bost bonba lehertarazi dituzte gaur goizean Bagdaden hainbat polizia patruilen kontra. Erasoetan gutxienez 18 lagun hil eta beste 57 zauritu dira, gehienak zibilak. Erasoetatik bi ekintza suizidak izan dira.

2006ko irailaren 7a
16:41
Entzun
Lehenengo erasoa Bagdadeko mezkita batetik hurbil gertatu da. Bertan zegoen auto baten azpian bonba bat zartarazi dute, poliziaren patruila bat bertatik igarotzen ari zenean. Eztandaren ondorioz, hiru zibil hil eta 20 zauritu direla esan du Thair Mahmud tenienteak. Zaurituen artean segurtasun indarreko kideak daudela gaineratu du poliziako beste bozeramaile batek, Zakarijah Hassanek.

Bigarren eztanda, Bagdad hiria Irakeko beste lekuekin lotzen duen Muhammad Al Kasim autobidean gertatu da, 9:15 inguruan. Irakeko poliziaren arabera, gasolindegi batetik ateratzen ari zen poliziaren konboi baten aurka joan da suizidak gidatzen zuen lehergailuz betetako autoa. Eztandaren ondorioz, gutxienez 10 lagun zendu eta 18 zauritu dira.

Bestalde, lau lagun hil dira Taijrango plazako lurpeko igarobide batean. Hildakoetatik bi zibilak dira eta beste biak poliziak. Leherketan beste 13 zauritu dira, horietatik sei zibilak.

Mansur auzunean zartarazi dute laugarren auto bonba. Poliziak leherketan aita-alabak hil direla adierazi du.

Azkena, Bagdad mendebaldean dagoen ospitale baten inguruan eztandarazi dute. Poliziaren patruila bat pasatzen ari zenean gertatu da erasoa eta lau lagun hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.