Iaz Istanbulgo Hitzarmenaren alde egin zen mobilizazio batean du jatorria gertakariak. Mobilizazio horretan, Turkiako Poliziak 33 feminista atxilotu zituen; izan ere, Turkiako Gobernuak Istanbulgo Hitzarmenetik, emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko akordiotik, ateratzeko zuen asmoa salatzera irten ziren kalera. Gertakariaren harira, hiru urteko espetxe zigorra ezarri zieten feminista atxilotuei.
Gaur, dozenaka lagun irten dira kalera kondena horren aurka protesta egitera: Ankarako Zigor Auzitegiaren aurrean bildu dira, eta Poliziak beste hogei bat manifestari atxilotu ditu. Evrensel hedabidearen arabera, poliziak gas negar-eragileak erabili ditu manifestariak barreiatzeko, eta orduan atzeman dituzte. Manifestariak Ankarako Emakumeen Plataforma mugimenduko kideei babesa adieraztera joan dira bertara.
Poliziaren esku hartzearen ondoren, defentsako abokatuek salaketa penala jarri dute segurtasun indarren aurka, prozesu judizialean parte hartzen ari diren manifestariei eta legelariei jo eta bultza egin izana leporatuta. Hala, auziari eta herrialdean pil-pilean dagoen gaiari buruzko nondik norakoak nahaspilatuta, auzitegiak atzeratu egin du Ankarako feministen auziaren lehen auzi saioa: azaroaren 26an egingo dute.
«Homosexualitatea normaltzeko» ituna
Iazko abuztuan atxilotu zituzten 33 emakumeak. Turkiako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eta borrokari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmenetik erretiratzeko zituen asmoak geldiarazteko asmoz irten ziren kalera, eta mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten. Hala, «manifestazio eta martxen legeari aurka egiteagatik» kondenatu zituzten. Ordutik, mobilizazio eta manifestazio ugari antolatu dituzte haiei babesa adierazteko.
Turkiako Gobernuaren arabera, familia egitura tradizionalaren kalterako da hitzarmen hori: «Istanbulgo Ituna, hasieran emakumeak babesteko pentsatuta zegoena, homosexualitatea normaltzen saiatzen ari den jendeak bahitu du». Eta, Racep Tayyip Erdogan presidentearen eta bere lantaldearen iritziz, «Turkiaren gizarte eta familia balioen aurka» joango litzateke hori.