Hondoa jo du 100 iheslari inguru zeramatzan ontzi batek Libiako kostatik gertu, eta MSF Mugarik Gabeko Medikuen arabera, gutxienez 20 lagun ito dira. Europako Batasuneko Eunavformed erakundeko ontziak eta txalupak aritu dira salbamendu lanetan —Mediterraneoko kontrolaz arduratzen da—, eta 88 lagun erreskatatu dituzte, Italiako kostazainek jakinarazi dutenez. Ez da hondoratu den ontzi bakarra izan. Kostazainek hogei erreskate lanetan hartu dute parte eta momentuz 1.000 iheslari erreskatatu dituzte.
Ontzia hondoratu den lekutik gertu, Italiako itsas armadak onik atera zituen atzo beste 562 iheslari. Gutxienez, bost lagun ito ziren, baina hildako kopurua handiagoa izan daiteke. Armadaren ontzia iheslariengana hurbiltzerakoan eman zuen buelta ontziak. Azken hiru egunetan 6.000 iheslari erreskatatu dituzte Mediterraneo itsasoan.