AFGANISTAN

Gutxienez 20 lagun hil dira Kandaharren, eraso suizida batean

Hildakoen artean Mohamed Akram dago, Kabuleko poliziaburua

Erredakzioa
2005eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Kandaharren, Afganistango hegoaldean, gutxienez hogei lagun hil eta 52 zauritu ziren atzo goizean, eraso suizida baten ondorioz. Erasoa Abdulrat Akhunzada meskitan izan zen eta hildakoen artean Mohamed Akram Khakraizual dago, Kabulgo Poliziaren burua.

Erasoa 09:00etan izan zen eta une horretan sinestun asko zeuden meskitan bilduta, igandean hildako Maulvi Abdula Faiaz apaizaren aldeko hiletagatik. Kandaharreko Poliziaren arabera, ekintzaile suizida uniforme militarrez jantzitako gizon garaia zen eta atzerritar itxura zeukan. Khakraizaual meskitatik irtetera zihoan une berean, bere gainera egin zuen jauzi eta eztanda egin zuen. Inguruak odolez eta hildakoz beteta gelditu ziren eta ondoko eraikinetan kalteak eragin zituen.Izan ere, Faiaz joan zen igandean hil zuten, ustez talibanek, bere bulegotik irteten ari zela. Faiaz Afganistango buruzagi musulman gorena zen eta talibanen kontra zuen jarreragatik zen ezaguna. Gainera, Hamid Karzai Afganistango presidentearen aldekoa zen eta joan zen hilabetean talibanen eta Omar mula buruzagi espiritualaren kontrako adierazpenak egin zituen 500 apaizen aurrean egindako ekitaldian. Orduan talibanak zibil errugabeak hiltzen ari zirela salatu zuen. Kandaharren eraso asko gertatu dira talibanak agintetik kendu zituztenetik. Izan ere, hiria talibanen gotorlekua izan zen bost urtez eta Omar mula han bizi zen. Abdulat Akhunzada meskitari ere behin baino gehiagotan eraso diote. 2003ko uztailean, bonbekin eraso eta hogei lagun zauritu zituzten, horien artean igandean hil zuten Faiaz barne.Atzoko erasoaren harira, Ali Ahmed Jalali Afganistango Barne ministroak adierazi zuenez, erasoaren atzean talde atzerritarrak daudela uste dute. Halaber, Gul Aga Sherzai Kandaharreko gobernadoreak erasoaren atzean Al Kaeda dagoela adierazi du, ekintzailearen gorpuan identifikazio arabiarra aurkitu zutelako. BBC irratiak adierazi zuen, berriz, talibanen bozeramaile bezala identifikatu zen gizon batek Kabuleko bulegora deitu eta erasoaren erantzukizuna aldarrikatu zuela. Iturri ofizialek ez dute informazio hori berretsi.

NATOk AEBak ordezkatu ditu mendebaldean

Estatu Batuetako tropek NATOren menpe utzi zuten asteartean Afganistango mendebaldeko zati handiena. Aldaketa NATOk AEBetako soldaduak ordezkatzeko planaren barruan sartzen da. Poliki-poliki NATOko 8.000 segurtasun indar sartuko dira Afganistanen.

Orain arte, Kabul hiriburua nazioarteko ISAF segurtasun indarren menpe dago, eta erakundea NATOk gidatzen du.Bitartean, Italiako indarrek AEBen basea hartu dute Heraten, Afganistango mendebaldeko hiririk garrantzitsuenetarikoan. Halaber, Farako eskualdea ere NATOren kontrolpean dago eta Espainia eta Lituania base berriak hartzekotan daude Badgis eta Gor eskualdeetan. Agintaritzaren transferentziarekin 18.000 soldadu libre geldituko dira, Afganistango hegoaldean eta ekialdean talibanen eta ustezko Al Kaedako kideen kontra egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.