Gutxienez 200 kolera kasu atzeman dituzte Haitiko hiriburuan

«Segurtasun nazionaleko arazotzat» jo dute gaitza agintariek; dagoeneko 583 lagun hil dira

Erredakzioa
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kolera izurria okerrera egiten ari da egunetik egunera Haitin. Hildakoak dagoeneko 583 dira, eta datozen egunetan kopuruak gora egingo duen beldur dira agintariak. Izan ere, Port-au-Prince hiriburuan beste 200 kasu atzeman dituzte. Horiek hala, agintariek «segurtasun nazionaleko arazotzat» jo dute gaixotasuna, eta hari aurre egiteko neurri bereziak hartu dituzte.

«Denbora asko beharko dugu izurriari aurre egiteko», aitortu zuen atzo Osasun Publikorako Ministerioko arduradun Gabriel Timotheek. Lerro hauek idazteko unean 10.000 lagun inguru ari ziren koleraren aurkako tratamendua jasotzen uharteko erietxeetan. Timotheek zehaztu zuenez, kasu gehien atzeman dituzten eskualdeetan garbitasun arazoak dituzte. «Herritarrak ohartarazi behar ditugu neurriak hartzearen garrantziaz».

Zentro bereziak

Haitiko nahiz nazioartetik joandako medikuak gaixoak artatzeko zentro bereziak zabaltzen ari dira egunotan hiriburuan, non azken egunetan nabarmen hazi den kutsatu kopurua. «Askoz gehiago zabalduko da ziurrenik datozen egunetan, eta datorrenari aurre egiteko prest egon behar dugu», azaldu du Amerikako Osasun Erakundeko presidenteordeak, Jon Andrusek. Hiriburuko ur zikinentzako hoditeria hondatuta geratu zen urtarrileko lurrikararen ondorioz, eta horrek azkartu egin du gaitzaren zabaltzea. Atzo bertan beste bi kasu atzeman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.