Gaur goizaldean ere gogor bonbardatu dute AEBek Faluja. Orain, hiriaren mendebaldean eraso gogorra egiteko prestatzen ari dira, izan ere, Irakeko erresistentziako kide gehienak han babesten direla uste dute. Hiriaren %70 beraien esku dagoela diote estatubatuarrek. Atzo egun osoan izan ziren borroketan 10 soldadu estatubatuar eta Irakeko bi polizia hil ziren. Erresistentziako indarren artean hildakoak zenbat diren ez daki inork, baina hirian zehar hilotz ugari daudela diote handik datozen berriek.
Gaur, ofentsiba handiaren hirugarren egunean, Faluja mendebaldeko Al Jolan eta Al Aksari auzoak mendean hartzeko asmoa dute AEBek. Helikopteroek eraikin ugari bota dituzte, tropei auzo horietako sarrera errazteko.
AEBetako Marineetako komandante batek esan duenez, hiriaren %70 kontrolpean daukate dagoeneko, baina, nolanahi ere, erresistentzia oraindik ere gogor dagoela jakinarazi du.
AEBek astelehenean hasi zuten Falujaren kontrako eraso handia. Hiri horretan Al Kaedaren Irakeko buru Abu Musab al Zarqaui babestuta dagoela diote, eta hura harrapatzeko aitzakian hiria erasotzen ari dira. Hala ere, Al Kaedako burua eta bere taldekideek alde egitea lortu dutela uste dute.
Faluja beraien menpean hartzen badute, 2005eko urtarrilean egitekoak diren hauteskundeak bake giroan egingo direla azpimarratzen dute AEBetako indarrek. Baina, hauteskunde horiei boikota egiteko asmoa zabaltzen ari da erresistzentziako indarren artean.
iraken okupazioa
Gutxienez 200.000 zibilek alde egin due Falujatik, AEBen erasoalditik ihesi
AEBetako Armada Irakeko Faluja hiriaren kontra egiten ari den erasoaldi gogorraren ondorioz, guxienez 200.000 zibilek alde egin dute beren etxeetatik. NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritzak eman du datu hori, eta agertu dutenez, gehien-gehienak Falujatik hurbil ezarri dituzten hiru errefuxiatu eremutan daude. AEBen arabera, Saddam Husseinen aldeko erresistentziaren gotorleku nagusia da Faluja, eta horregatik gogor ari dira erasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu