Atzo 7,2 graduko lurrikara izan zen Kurdistanen, Van hirian, eta gutxienez 217 lagun dira hildakoak. Turkiak kontrolpean duen Kurdistanen izan da lurrikara, eta Turkiako larrialdi zerbitzuen arabera beste 366 lagun daude hondakinen artean harrapatuta.
Inguru menditsu batean izan zen lurrikara eta larrialdi zerbitzuetako kide gehiago gaur iritsiko dira. Vanen 367.000 biztanle bizi dira, eta kalte gehien jasan dituen hirian, Ercis-en, 74.000. Azken horretan 80 eraikin erori omen dira.
Vango unibertsitateak jarduna eten du eta Ercisen ere etxera bidali dituzte ikasleak. Herritarrek kalean egin dute lo bart, Turkiako, Azerbaijango eta Irango erreskate taldeak iristen ziren artean.