Hiru eguneko dolualdia ezarri du Guatemalako Gobernuak sumendiak eragindako 25 hildakoak oroitzeko. Erupzioa azken urteetako okerrena izan dela nabarmendu dute adituek. Sumendiak jaurtitako errautsa 10.000 metroko altueraraino heldu da, eta agintariek alerta laranja ezarri dute herrialde osoan.
Chimaltenango, Escuintla eta Sacatepequez herriak izan dira kalte gehien jasan dutenak. Horiek hala, gobernuak hondamendi egoera ezarri du horietan. Orotara, hogei pertsona inguru izan dira zaurituak, baina milioi bat baino gehiago kaltetuak. Zaurituen artean hamabi haurrak dira, eta haietako lauk laugarren mailako erredurak dituzte. Bestalde, Escuintla eskualdeko El Rodeo herria ia osorik errautsez estalia geratu da, eta larrialdi zerbitzuak ezin izan dira oraindik bertara sartu, labaz inguraturik dagoelako.
Hildako eta zaurituen kopuruak gora egin dezake datozen orduetan; izan ere, hainbat lagunek desagertuta jarraitzen dute, eta beste 3.000tik gora atera behar izan dituzte etxetik. Fuego sumendia pizten den bigarren aldia da honako hau aurten.