Gutxienez 25 lagun hil dituzte Sirian agintarien aurkako protestetan

Telebista publikoak esan du talde armatuek 19 polizia hil dituztela Deran; 17 manifestari ere hil dira han

Erredakzioa
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretako matxinadetan ohiko bihurtu denez, Siriako Gobernuaren aurkako taldeek ortziral eguerdiko errezoen ondorena baliatu dute milaka lagun karrikara ateratzeko, baina estatuko indarrek gogor erantzun dute bertze behin. Berri agentzien arabera, gutxienez 25 manifestari hil zituzten atzo, horietatik hamazazpi Dera hirian. Siriako telebista publikoak dio, berriz, hiri horretako manifestazioetan talde armatuek hemeretzi polizia hil dituztela. Hildako gainerako manifestariak Damasko hiriburuaren inguruko herrietan hil dituzte.

Iragan hilaren erdialdean protestak lehertu zirenetik, dozenaka manifestari hil dituzte Sirian —ehundik goiti, hainbat gobernuz kanpoko erakunderen arabera—, horietako gehienak Deran. Atzoko manifestazioan erregimeneko Baaz alderdiaren bulego bati su eman zioten, eta Bashar Al Asad presidentearen anaia Basilen estatua bat bota dute. Haizam Male abokatu eta oposizioko kidearen arabera «Poliziak eta agente sekretuek zuzenean» egin diete tiro manifestariei. Jasir Hatx Sale preso politiko ohiak erran duenez, berriz, manifestazioak «herrialdeko hiri gehienetara» hedatu dira. Horien artean aipatu ditu kostako Latakia, Tartus eta Homs (Damaskotik iparraldera hirurak), eta Siriaren menpeko Kurdistango Kameshli.

Bi hildako Yemenen

Protestek etenik ez duten bertze herrialdea da Yemen. Hegoaldeko Taiz hirian gutxienez bi lagun hil zituzten atzo estatuko indarrek, Ali Abdala Saleren erregimenaren aurkako manifestazio baten aurka tiro egitean, bertako ospitaleak jakinarazi duenez. Bertze 25 lagun balaz zauritu zituzten, eta 200i negar eragiteko gasak itolarria eragin zien. Eguerdiko errezoen ondoren, milaka lagunek iragan asteleheneko istiluetan hildako bortz manifestariren hileta ospatu zuten, eta orduan hasi ziren istiluak. Aste hasieran hamabi manifestari hil zituzten Taizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.