Bi leherkarik eztanda egin dute gaur goizean Damaskon (Siria), gobernuaren inteligentzia zerbitzuen eta segurtasun indarren bi egoitzatan, eta gutxienez 27 lagun hil eta 140 zauritu dira, Siriako Gobernuko Barne sailetik jakinarazi dutenez. Inork ez ditu erasoak bere gain hartu.
Bi auto bonba erabili dituzte erasorako, Al-Jazeera katearen arabera. Sana berri agentziak bi atentatuak baieztatu ditu, eta "terroristei" egotzi dizkie erasook.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak ere berretsi egin ditu atentatuak.
Damaskoko hiritarrek hainbat bideo eskegi dituzte Interneten, leherketen ondoko irudiekin.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, Siriako Gobernuaren eta oposizioaren artean istiluak hasi zirenetik 8.000 lagun baino gehiago hil dira, zibilen eta Baxar al-Assaden aldekoen artean.