mundua

Gutxienez 28 lagun hil dira Suitzan, autobus istripu batean; tartean 22 haur daude

Suitzako Alpeetako eski kanpamentu batean oporretan egon ondoren etxera bidean zihoazen. Belgikako eta Herbehereetako haurrak zihoazen autobusean. 

2012ko martxoaren 14a
18:51
Entzun

Gutxienez 28 lagun hil dira, horietako 22 haurrak, Suitzan izandako autobus istripu batean. Sierre herriaren parean izan da ezbeharra; autobusak tunel baten hormaren aurka jo du. Autobuseko bi gidariak ere hil egin dira. Fiskalak esan du ibilgailua legezko abiaduran zihoala. 

52 lagun zihoazen autobusean eta beste 24 haur ospitalera eraman dituzte, zaurituta —12 urte dituzte haurrek—.

Valaisko kantoiko agintariek azaldu dute haurrak Belgika iparraldekoak direla, eta Suitzako Alpeetako eski kanpamentu batean oporretan egon ondoren etxera bidean zirela. Herbehereetako hamar haur ere bazihoazen autobusean, baina ez dute jakinarazi horiek hildakoen artean dauden.

Biktimen familiak Bruselatik Genevara (Suitza) eraman dituzte hegazkinez. Senideekin batera, psikologo talde batek bidaiatu du.

Europako Parlamentuak minutu bateko isilunea egin du biktimak gogoratzeko, eta Europako Batzordeko eta Europako Kontseiluko ordezkariek babesa eskaini diete senide eta lagunei. Suitzako Gobernuak ere laguntza eskaini die.

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak esan du "drama lazgarri bat" izan dela, eta Belgikako herritar guztiak "haur horien aita, ama eta anai-arreba sentitzen direla".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.