Gutxienez 29 pertsona hil eta beste hamar larri zauritu ziren atzo Errusiako hegazkin bat lurrera erorita. An-24 motako hegazkinean 46 bidaiari eta tripulazioko zazpi kide zihoazen, 53 denetara. Errusia iparraldean lurreratu behar zuten, Barents Itsasotik gertu. Goizeko hamaikak aldera erori zen hegazkina.
Larrialdietarako Ministerioko arduradun baten esanetan, hegazkinaren isatsa huts egiten hasi zen, istripua baino minutu batzuk lehenago. Hala ere, gertatutakoa ikertzen jarraitzen dute adituek eta ez dute istripuaren zergatiari buruzko informazio ofizialik zabaldu.
Hegazkina Ufa hiritik atera zen, Ural mendikatearen hegoaldetik, eta Perm eta Usinsk hirietan geldialdiak egin zituen Varandeira iritsi aurretik. Nenetseko barruti autonomoan dago Varandei. Han dago Lukoil petrolio enpresa eta hor lan egiten zuten bidaiarietako askok. Sergei Vlasov Larrialdietarako Ministerioko eledunaren esanetan, lurreratzeko prestatzen ari zirenean erori zen hegazkina. Arazoak zituztela konturatu zirenean, larrialdiko lurreratzea egiten saiatu ziren pilotuak, baina hala ere, ezkerreko hegoaren gainean erori zen eta su hartu zuen airekoak.
Bizirik atera ziren bidaiarietako batzuek eskuko telefonoak zituzten eta haien bitartez deitu zuten Larrialdi Zerbitzuetara. Handik minutu gutxira ailegatu ziren salbamendu taldeak, istripua gertatu zen lekura. Bizirik atera ziren 24 bidaiarien artean, petrolio enpresako 17 langile eta enpresako arduradunetako bat zeuden. Horietaz gain tripulazioko bost kide ere badaude.
Hasieran Moskuko gobernuak zabaldutako informazioa nahiko nahasia izan zen. Garraio Ministerioak, esaterako, hegazkinean 49 pertsona zihoazela eta guztiak hil zirela esan zuen, istripuaren berri jakin eta minutu gutxira. Nenetseko barruti autonomoko agintariek, beren aldetik, ez zuten hildako kopuruaren berri eman.
Ibilgailu zaharraketa arriskutsuak
An-24 motako hegazkinak SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren garaian hasi ziren lanean, 1960ko hamarkadan. Bidaia motz eta ertainak egiteko erabiltzen zituzten orduan ere. Asko erretiratu bazituzten ere, beste ehunka lanean aritzen dira, bai Errusian eta baita SESBekoak izandako beste herrialde batzuetan ere.
Adituen arabera, hegazkin askok arazoak izan dituzte, zaharrak direlako eta orain haiek konpontzeko beharrezko piezak egiten ez direlako. Garraio Ministerioaren arabera, atzo erori zen hegazkina 1972an egin zuten eta hamar aldiz konpondu dute, orain arte. Azkena 2002an. Horretaz gain, Viktor Popov pilotuak esperientzia luzea zuen halako ibilgailuekin. 14.000 ordu igaro zituen hegazkinak gidatzen. Pilotua istripuan hil zela uste da.
Iazko abuztuan izan zen Errusian azken hegazkin istripua. Bi hegazkin erori ziren, Tu-154 motakoa bata eta Tu-134 motakoa bestea, eta 89 pertsona hil ziren. Aldi hartan, «eraso terrorista bat» izan zela esan zuten.
ERRUSIA
Gutxienez 29 lagun hil eta hamar larri zauritu dira hegazkin istripuan
Airekoak 46 bidaiari eta tripulazioko zazpi kide zeramatzan eta Ufatik Varandeira zihoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu