Hainbat eta hainbat pertsona hil ziren atzo arratsaldeko aurreneko orduan Iran iparraldean epizentroa izan zuen lurrikara bortitzaren ondorioz. Aurreneko informazioen arabera, gutxienez 30 pertsona hil eta beste 80 zauritu ziren. Richter eskalan 6,2 indarra izan zuen seismoak Kaspio Itsasoaren kostaldean dagoen Txalus hirian, Mazandaraneskualdean, izan zuen sorburua.
Beraz, Irango iparraldea izan zen eremu kaltetuena; dena den, herrialdearen erdialdeko hainbat eskualdetan ere eragina izan zuen, hiriburuan barne. Ghazvine eskualdeko gobernadore Massoud Emamiren arabera, herrialdeko laurogei herritan kalteak handiak izan ziren %20 eta %100 bitartekoak eta errepide ugari blokeatuta gelditu ziren.Teheran hiriburuko herritarrak kalera irten ziren beldurtuta. Irango telebistak gogorarazi zuenez, oraindik ere oso bizirik dago biztanleen artean iragan abenduaren 26an hegoaldeko Bam hiri historikoa erabat suntsitu zuen lurrikararen oroimena 26.000 hildako eragin zituen. Adituen ikerketaren arabera, seismoa lur azaletik 26 kilometro barrualdera izan zen, eta, zentzu horretan, ondorioak hasiera batean uste baino txikiagoak izango dira. Euren ustetan, litekeena da herrialdearen iparraldea zeharkatzen duen failaren mugimenduak eragin izana lurrikara. Datozen orduetan lurrikara txikiagoak izan daitezkeela ohartarazi zuten.
IRAN
Gutxienez 30 lagun hil dira lurrikara batean
Herrialdearen iparraldea zeharkatzen duen failan izan du epizentroa Richter eskalan 6,2ko indarra izan duen seismoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu