Gutxienez 30 lagun hil dituzte gaur Ameriketako Estatu Batuen piloturik gabeko hegazkinek Pakistanen. Lau misil jaurtita eragin dituzte hildakoak eta hainbat zauritu ere. Afganistanekiko mugaldean egin dituzte erasoak, duela aste batzuk AEBetako presidente Barack Obamak "terrorismoaren kontrako borrokarako lehentasun eremu" izendatu zituen eskualdeetan. Joan den larunbatean, antzeko erasoan beste 30 lagun hil zituzten AEBek. Pakistango eta AEBetako gobernuek aliantza egina dute ekintzaile islamisten kontra.
Pakistango Geo Tv katearen arabera, gaurko erasoak ekintzaileen babeslekuak izan ditu jomuga, Kurram eskualdeko Sarpal eremuan.
Samaa Tv kate pribatuaren esanetan, 15 gorpu etxe baten kanpoaldean topatu dituzte, eta beste 15 barrenean.
Beste iturri baten arabera, Bahran Khan Khochi komandante talibana zen erasoaren jomuga. Ez dute zehaztu hura hil edo zauritu duten.
Lehenbiziko aldia da Kurram eskualdean AEBen espioi hegazkinek bonbardaketa egiten dutena. Leinuak nagusi diren mugaldeko beste eremuetan, ordea, ohiko bihurtu dira halako erasoak. Iazko irailetik 30 bat eraso egin dituzte AEBek airetik.
Ildo horretan, iragan larunbatean Hego Waziristan probintzian gutxienez 30 lagun hil zituzten AEBetako piloturik gabeko hegazkinek. Hildako gehienak ekintzaile atzerritarrak ziren, baina baziren zibilak ere.
Halako erasoek haserre bizia eragin ohi dute Pakistango herritarren artean, eta maiz agintarien kontra azaldu izan dira kritika horiek. Agintari politikoek ere AEBak kritikatu izan dituzte azkenaldian eraso horiengatik (ez, ordea, Pervez Musharraf jenerala presidente zela), baina zerbitzu sekretuetako eta armadako iturriek onartu dute sinatu gabeko akordioa dagoela Washingtonen eta Islamabaden artean, halako erasoak egiteko. Etxe Zuriak eta Pentagonoak diote Afganistanekiko mugaldeko probintzietan aterpe hartzen dutela Afganistango mugimendu talibaneko eta Al Kaeda sareko ekintzaile eta buruzagiek.
AEBetako presidente Barack Obamak "terrorismoaren kontrako borrokarako lehentasun eremu" izendatu ditu eskualde horiek.
'Sharia' ezarriko dute ipar-mendebaldean
Bestalde, Pakistango Gobernuak ezagutzera eman du ipar-mendebaldeko eskualde batzuetan sharia edo lege islamikoa ezartzea onartu duela. Eskualde horietako leinuetako buruzagiekin hitzartu du neurria, inguru horietan zabaltzen ari den talibanen mugimenduari aurre egiten lagun diezaioten. Eremu horiek baketzea ere da helburua, iaz armadaren kontrako enfrentamendu ugari izan baitziren haietan.
Mundua
Gutxienez 30 lagun hil dituzte AEBen hegazkinek Pakistanen
Piloturik gabeko airekoek lau misil jaurtita eragin dituzte hildakoak eta hainbat zauritu ere, Afganistanekiko mugaldean. Obamak "terrorismoaren kontrako borrokarako lehentasun eremu" izendatuak ditu erasoak gertatu diren eskualdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu