Nigerian, azken sei hilabeteetan, 300 lagun hil dira berunarekin pozoituta -horietatik 160 inguru asteburu honetan bertan-. Hala jakinarazi zuten herenegun Abujako gobernu agintariek, Gobernuz kanpoko erakundeek aurretik zabaldutako argibideak baieztatuta. Heriotza horiek Nigeria ipar-mendebaldean kokatua den Zamfara estatuan gertatu dira.
«Hildakoen artean gehienak adingabeak dira, eta beste 355 gaixo daude berunaren ondorioz», zehaztu du Nigeriako Osasun Ministerioko izurrien arloko goi arduradunak, Henry Apkanek. «Egoera kontrolpean daukagu orain, eta herritarrak ohartarazteko kanpaina bat bideratzeaz gain, kaltetutako herrietan kutsadura kentzeko lanak hasiak ditugu».
Urrea legez kanpo ustiatzen
Berunak pozoituta hil edo gaixotu direnak urrea legez kanpo ustiatzen ari ziren. Eskualde hartan, urrea ateratzeko meategiak daude, eta gabezia handienean bizi diren inguruko herritarrak lan horretan ari dira baimenik gabe.
Arazoa da, baina, urrea egoteaz gain berun asko dagoela lurrean. Hala, herritarrek meategietatik harriak hartu ondoren etxerat eraman ohi dituzte, hausteko eta urrea jasotzeko asmoz. Hori egitean, haatik, beruna arnasten dute. Animalia asko ere hil dira pozoituta. Arazoaz ohartu ondoren, agintariek urre hobietarako sarrerak itxiarazi dituzte, eta bost herritako bizilagunak lekualdatu dituzte.
Gutxienez 300 lagun hil dira Nigerian berunarekin pozoituta
Zamfara estatuko urre meategietan lan egiten dute biktima gehienek; animalia ugari ere hil dira pozoituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu