Filipinetako armadaren eta ekintzaileen artean azken egunetan izandako borrokek 31 hildako inguru eragin dituzte Ipar eta Hego Lanaon. Orain dela bi aste, buruzagi kristauek hala eskatuta, Gorenak Gobernuaren eta ekintzaileen arteko bake prozesua bertan behera utzi ondotik, borrokak areagotu egin dira Filipinetan. Bake akordiorako hurrengo saioa abuztuaren 22an egitekoa dute.
Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako presidenteak FMLI Askapen Islamikorako Fronte Mairuari okupatuta zituen herriak uzteko deia egin ondotik, armadaren eta ekintzaileen arteko erasoak hasi ziren atzo, Ipar Lanaon. Izan ere, FMLIk kontrolatutako herriak uzten ez bazituen, Macapagal Arroyok «ekintzaileak zapaldu arte» erasotzeko agindu zuen, Manilan.
Ekintzaileek Kauswagan, Maigo eta Kolambugan herrietan etxeak eta dendak erre zituztela dio Beltran Lumaque buruzagi militarrak. Are gehiago, 24 zibilen gorpuak herri batean lurrean botata ikusi zituela gehitu du. Edu Kabalu FMLIko bozeramaileak, berriz, erasoak ukatu egin ditu.
Hilario Atendido armadako jeneralaren arabera, FMLIk okupatutako herriak utzi zituen beren erasoen ondotik. Gutxienez hamasei lagun hil ziren Kauswaganen, eta, beste zazpi Kolambuganen jazotako borroketan.
Pasa den igandean Filipinetako lau soldadu eta FAC Segurtasun Indar Zibileko hiru paramilitar hil ziren Hego Lanaon egindako eraso batean. Horrez gain, borroketan zazpi soldadu zauritu ziren. Azken liskarrek ehunka desplazatu eragin dituzte.
FMLI eta Gobernua
Orain dela bi aste Gobernuaren eta ekintzaileen arteko bake akordioaren sinatzea bertan behera utzi zuen Gorenak Filipinetako buruzagi kristauek eskatuta. Akordioak 712 herri sartuko lituzke eremu autonomoan. Alegia, Mindanaoko Eskualde Musulman Autonomoan. Buruzagi kristauek, ordea, ez dute musulmanen autonomia handitzea begi onez ikusten.
Bi astean 50 lagun inguru hil dira borroken ondorioz. Enfrentamenduek 165.000 desplazatu ere eragin dituzte. 2003. urtean sinatutako bake akordioa ez errespetatzea leporatzen diote elkarri FMLIk eta Gobernuak. Akordiorako hurrengo saioa ostiralean egingo dute.
Gutxienez 31 lagun hil dira Filipinetako hegoaldean egunotako borroketan
Gorenak ekintzaileen eta Gobernuaren arteko bake prozesua eten zuenetik, indarkeria areagotu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu