ekialde hurbila

Gutxienez 31 libanoar hil ditu Israelgo Armadak hainbat erasotan

Libanoko iparraldera zabaldu du erasoa Israelgo armadak. Israelgo Armadak alagarren aldiz bonbardatu du gaur Beiruteko Rafic Hariri aireportua eta Tripolira zabaldu du erasoa. Azken datuen arabera, 175 lagun hil eta 500 zauritu dira joan den asteazkenean Israelgo Armadak Libanoren aurkako erasoak abiatu zituenetik. Bien bitartean, Hezbolak Haifaren eta Israelgo iparraldeko beste herri batzuen kontra egiten jarraitzen du.

2006ko uztailaren 17a
19:45
Entzun
Gutxienez 31 lagun hil ditu gaur Israelek Libanon. Israelgo Armadaren jaurtigailuetako batek Libano iparraldeko arrantzale portu txiki bat jo du goizean. Gutxienez, 13 lagun hil dira eta segurtasun zerbitzuetako kideek emandako datuen arabera, horietatik bederatzi soldadu libanoarrak ziren. Abdehko portua Libano iparraldean dago, Siriako mugatik gertu. Azken datuen arabera, 175 libanoar hil ditu egunotan Israelgo armadak.

Antza denez, Hezbola milizia xiitaren Al Manara telebista katearen egoitzari egin dio eraso Israelgo Armadak, baina, huts egin du eta alboko etxe bat jo du. Gutxienez, lau pertsona hil ditu eraso horretan. Era berean, Israelgo Armadako hegazkinek Libanoko hiriak erasotzen jarraitu dute. Besteak beste, Baalbek hiria. Bertan, antza, Hezbolako hainbat arduradun bizi dira. Gainera, Libanoko azpiegitura garrantzitsuak suntsitzen jarraitzen du Israelgo Armadak. Zubiak, aireportuak, erregai lantegiak, hornikuntzarako hodiak...

Hezbola talde xiitak, anartean, hainbat kohete jaurti ditu Israelgo hainbat hiriren aurka: Afula, Nazaret Ilit eta Guivat Elá hirien aurka, besteak beste. Israel eta Libanoren arteko mugatik 45-50 kilometrotara daude hiri hauek. Gainera, Hezbolaren koheteek Shlomi, Margaliot eta Galileako Shomra eskualdea jo dituzte. Hezbolak iragarri du kohete gehiago jaurtiko dituztela eta Israelgo Armada helburu zibilen aurka ari den bezala, beraiek ere helburu zibilei eraso egingo dietela ohartarazi du Hassan Nasrala Hezbolako buruak telebista bidez zabaldutako mezu batean.

Joan den asteazkenean Hezbolak bi soldadu israeldar bahitu zituen Israel eta Libano arteko mugan. Berehala, Israelgo Armada indarrez sartu zen Libanora "soldaduen bila". Ordutik, azken datuen arabera, gutxienez 100 lagun hil eta 350 inguru zauritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.