Hondamendi naturala

Gutxienez 339 dira Indonesiako Java uhartean tsunami baten ondorioz hildakoak

Indonesiako komunikabideek eta polizia iturriek emandako azken datuen arabera, gutxienez 339 pertsona hil eta 601 zauritu dira atzo Indonesiako Java uhartean izan zen tsunamiaren ondorioz hildakoak. Gainera, 160 lagun desagertuta daude. Indonesiak tsunamia egon zitekeela ohartarazten zuten bi ohar jaso zituela aitortu du bertako Gobernuak. Ohar hauek tsunamia gertatu baino 45 minutu lehenago hartu zituzten, baina azpiegitura ezak tsunamiaren berri ematea galarazi zuen.

2006ko uztailaren 18a
19:54
Entzun
Tsunamia ur azpiko seismo baten ondorioz gertatu zen, Richterren eskalan 7,2 gradukoa. Indonesian Java uhartearen hego ekialdean, Pangadaran herri turistikotik gertu gertatu zen lurrikara. Bi eta bost metro arteko olatuak, Java hego mendebaldeko hondartzetara amildu ziren, ur azpiko lurrikara gertatu eta 10-15 minutura. Lurrikararen epizentroa Java hegoaldeko kostatik 200 kilometrora izan zen.

Pangadaran, kalte gehien jasan zuen herriko larrialdietarako koordinatzaileak azaldu duenez, gutxienez 23.000 lagunek egin zuten ihes beren etxeetatik hondamendiaren ostean. Gainera, beste tsunami bat gerta daitekeelako zurrumurruak zabaldu dira eta jendea beldurtu egin da. Bien bitartean, metereologoek eta gobernuko ordezkariek diote ez dagoela probabilitate handiegirik horrelakorik gertatzeko eta lasaitasun deia egin die herritarrei.

«Herritarrak ebakuatzea eta zaurituak zaintzea dira orain gure lehentasunak», esan zuen atzo Indonesiako presidenteak. Tsunamia eragin zuen seismoa bertako 15:19tan gertatu zen, Amerikako Estatu Batuetako Earthquake Hazard Program agentziak adierazi zuenez. Hori jakin eta berehala, Pazifikoko Tsunamien Larrialdietarako Zentroak (AEB) abisua eman zuen. Eskualdea izutu egin zen berria entzun zuenean, milaka pertsonek haien etxeetatik kanpo igaro zuten gaua. 10.000 lagun mendira igo zirela adierazi zuen lekuko batek irrati programa batean.

Indonesian badakite lurrikara batek eragin dezakeen kaltea zein den

Java mendebaldeko diputatuak atzoko tsunamia 2004an Sumatra iparraldean gertatutakoarekin alderatu zuen. Tsunami honek Indian 170.000 hildako eragin zituen, eta beste 130.000 Indonesian. Hala ere, Agus Surkano, Java mendebaldeko gobernuko ordezkariak egoera ez dela berdina adierazi du. Izan ere, Surkanoren iritziz, egun kontaktuan egotea errazagoa da eta herritarrak 2004an baino askoz ere informazio gehiago daukate. «Egun tsunamiaz gehiago dakite eta badakite zer neurri hartu behar diren», adierazi zuen.

Askotan gertatzen dira lurrikarak Indonesian, Ozeano Bareko gune sismikoan dagoelako. Iragan maiatzaren 27an, ildo horretan, 6,3 graduko lurrikara bat gertatu zen uhartean, Yogyakarta hiritik gertu eta 5.800 pertsona baino gehiago hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.