Bagdadeko Tayaren enparantzan gertatu da erasoa, han 07:20 zirenean —Euskal Herrian baino bi ordu gehiago—. Une horretan eraikuntzako beharginez beteta zegoen, goizero hara biltzen direlako, lan bila. Polizia batzuk ere badaude hildakoen artean. Oraingoz inork ez du atentatuaren egiletza bere gain hartu, nahiz eta azken urteotan Iraken egindako gisa horretako erasoen egilea EI Estatu Islamikoa izan den.
Azkeneko hiru egunetan Irakeko hiriburuan gertatutako bigarren erasoa da. Pasa den larunbatean bonba auto bat leherrarazi zuten, gutxienez bost hildako eta dozena bat zauritu eraginez.
EIk Irakeko hainbat eremu izan ditu kontrolpean 2014tik, eta ehunka lagun hil ditu erasoetan. Baina Irakeko Gobernuak adierazi zuen, pasa den hilabetean, EI garaitu duela. Orduz geroztik herrialdean gertatutako eraso larriena da gaurkoa.