Pakistanen beste eraso suizida bat izan da gaur. Atzo, zerbitzugune baten aurkako erasoan hogeita bost lagun hil baziren, gaur 37 hil dira Adezai herrian, Peshawarretik eta Afganistango mugatik gertu. Hileta baten aurkako eraso suizida izan da. Zaurituak 53 baino gehiago dira.
Gobernuaren aldeko buruzagi pashtun baten hileta zen, eta hildakoen kopuruak gora egin dezakela esan du Siraj Ahmed Peshawarko administratzaileak. Hildakoa bake batzorde bateko kidea zen, segurtasun indarrengandik at, talibanen kontrako borrokan nabermendu diren familietako kidea. Gobernuaren babesa dute familia horiek.
Inguru hori Gobernuaren aldekoa da, eta talibanen aurka borrokatzen dira. Ekintzaile suizida hiletan sartu da jendearen artera, eta gainean zeraman lehergaia eztandarazi du. Azken astean antzeko hainbat eraso izan dira Pakistanen meskita eta segurtasun indarretako bulegoen aurka. 70 lagunetik gora hil dira eraso horietan.