Sirian Bashir Al Assad presidentearen aldekoek gutxienez 38 lagun hil dituzte gaur, oposizioak jakinarazi duenez. Tartean, hiru adingabe eta emakume bat hil dituztela zehaztu dute. Hildako gehienak Homs hirian hil dituzte, gutxienez, zortzi.
Deraan, oposizioaren beste gotorlekuetako batean, sei lagun hil dituzte; horietako bi desertoreak ziren. Idleben beste sei hildako izan dira, eta Al Zabadanin, Damaskotik gertu, bi. Oposizioak esan du Al Assaden aldekoak etxeetara ari direla tiroka.
Martxoan hasi ziren protestak Sirian, eta harrezkero 5.000 lagun hil dira, Nazio Batuen Erakundearen datuen arabea. Hain zuzen, Liga Arabiarraren Siriarako harreman taldeak gaur NBEri bere plana ezartzeko eskatu dio Sirian bizi den egoerari konponbide bat bilatzeko. Horri oniritzia emateko Liga Arabiarreko Atzerri ministroak asteazkenean bilduko dira. Liga Arabiarraren planak, besteak beste, indarkeriaren amaiera eta behatzaileak bidaltzea jasotzen du.