Egunero legez, odola erruz isuri zuten atzo Iraken, Bagdaden eta Talafar hirian izandako hainbat atentatu eta erasotan. Gutxienez 41 lagun hil ziren eta beste ehun bat zauritu, bonba-autoek leherrarazita eta ekintza suizidak eta segurtasun indarren aurkako atentatuak eginda.
Erasoetatik odoltsuenean, 30 lagun hil eta beste 45 zauritu ziren, Talafarko merkatu batean. Gainera, hala Bagdadeko nola Talafarko erasoetan dozenaka pertsona, zibil eta soldadu irakiar zauritu zituzten. Bestalde, AEBetako Armadak 57 gerrillari atxilotu zituztela iragarri zuen.
Bestalde, ustelkeriara makurtu zirelakoan, Iad Alaui buru izan zuen gobernuko bost ministro eta 22 goi arduradun atxilotzeko eta auzibidean ezartzeko manua zabaldu dute Irakeko egungo agintariek. Kargudun ohi horietatik bat Hazem Al Shalan Defentsa ministroa da. Ministeriotik mila milioi dolarreko dirutza desbideratzea leporatzen diote. Jordaniara ihes egina da.Beste lau gobernukide ohiak Komunikazioetako, Argindar eta Energiako, Lan eta Etxebizitzetako ministro izandakoak dira. Horiek guztiek daukaten immunitatea kentzeko urratsak egingo dituztela zehaztu zuen atzo Irakeko Legebiltzarreko Kontrol Batzordeko presidente Hadi Al-Hamerik. Hori gertatu ondoren auzipetu egingo dituztela zehaztu zuen parlamentariak. Haatik, epaitu ahal izateko, Irakera eraman beharko dituzte berriro, gehienak Ibrahim al Jaafariren gobernua agintean jarri zelarik erbesteratu baitziren.
Frantzian, atxiloketa bat
Iraki lotutako ustelkeria auzietan betiere, Jean-Bernard Merimee diplomazialaria atxilotu zuten atzo Parisen, NBEren Segurtasun Kontseiluan 1991tik 1995era Frantziaren ordezkari izandakoa. Merimeeren aurka susmoak daude NBEk bideratutako Petrolioa Elikagaien Truke programan izandako ustelkerian parte hartu zuela, Saddam Hussein Irakeko orduko presidentearen agintearengandik bi milioi petrolio upelen heineko diru balioa ustez onartu eta gero. Auzi honetan bertan, beste lau lagun auzipetu ditu Frantzian Philippe Corroye epaileak.
Atxiloketak, auzipetzeak eta erasoak irakiarrek Gobernuak atondutako konstituzio proposamena erreferendumean bozkatu baino egun gutxi batzuk lehenago gertatu dira. Galdeketa heldu den larunbatean egingo dute, baina oraindik ordezkari politiko guztiak ez dira bat etorri testua adostasunez onartzeko, eta atzo berriz ekin zioten negoziatzeari.Bestalde, Danimarkan, 24 herritarrek osatutako talde batek Anders Fogh Rasmussen lehen ministroa auzitara eramango du, hark 2003an Irakera tropak bidali zituenean Konstituzioa urratu zuelakoan.
IRAK
Gutxienez 41 lagun hil dituzte Bagdadeko eta Talafarko erasoetan
Alauiren gobernuko bost ministroren bila dabiltza, ustelkerian aritu direlakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu