Gutxienez 45 lagun hil dituzte Pakistan eta Afganistan artean

Ehunka talibanek bi herrialdeen arteko mugan dauden zazpi kontrolguneri eraso egin diete

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Pakistan eta Afganistan arteko mugan gutxienez 45 lagun hil dituzte, talibanen eta Pakistango segurtasun indarren artean izandako erasoetan.200 edo 300 talibanek mugako zazpi kontrolgune erasotu zituzten atzo, Pakistango armadaren arabera. Talibanek Afganistango Kunar eta Nuristan probintzietatik zeharkatu zuten muga, eta Chitral barrutian egin zuten segurtasun indarren aurka. Armadak talibanen erasoari erantzun zion; hala ere, talibanek bi kontrolguneen jabe egitea lortu zuten. Istilu gehiago gerta daitezkeela iragarri du Poliziak; horregatik, soldadu gehiago bidali dituzte.

Afganistango Gobernua eta NATOk Afganistanen dituen segurtasun indarrak gogor kritikatu ditu Pakistango armadak. Talibanei «mugaren beste aldean santutegiak erabiltzea» baimentzen dietela uste du, «Pakistanen erasoak egiteko». Ez da armadak segurtasun indarren jokabidea kritikatzen duen lehen aldia. Joan den ekainean Alto Dir barrutian izandako beste eraso batean, 70 lagun inguru hil zituzten —Pakistango armadako 25 kide eta 45 taliban—. Horren ondotik, Afganistanen eta Pakistanen arteko harremanak ahultzen joan dira. «Jihadisten mugimendua elikatzea» egozten dio batak besteari. AEBak, bestetik, Afganistango tropak herrialdetik ateratzen hasi dira, eta «Pakistanen oinarria duten talde integristen aurka» egitea eskatzen dio Pakistango Gobernuari.

Erasoen ondotik, hainbat barrutitako talibanak «berrantolatu» direla ohartarazi du Pakistango armadak. Fazlula eta Fakir Muhameden buruzagitzapean batu dira, haren ustez. 2009an Pakistango armadak Suat haranean egindako operazioaren ondotik, talibanen taldeak berregiten hasi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.