Irak

Gutxienez 47 lagun hil dira Bagdaden, bonba-auto baten eztandak harrapatuta

Bonba-auto bat lehertu da Bagdad erdialdean, Haifa kalean, eta gutxienez 47 pertsona hil dira eztandaren ondorioz. Polizia etxe baten atarian leherrarazi dute bonba, jende talde handi bat polizia izateko izena eman zain zegoela. Hildakoez gain, 110etik gora dira zaurituak. Lekukoen arabera, azkenaldian Bagdaden izan den leherketa handiena da gaurkoa.

2004ko irailaren 14a
13:23
Entzun
Zehazki, 3 metroko zuloa utzi du zoruan, eta inguruko hainbat autok su hartu dute. Arrabotsa hiriko leku askotatik entzun da, eta ke beltz handia zabaldu da leherketa gertatu den inguru guztian.

Haifa kalea Saddam Hussein presidente ohiaren aldeko erresistentziaren gotorlekuetako bat da AEBen arabera, eta azken egunotan borroka handiak gertatu dira Estatu Batuetako soldaduen eta erreboltarien artean. Herenegun, hamahiru pertsona hil ziren enfrentamenduetan, haien artean Al Arabija telebista kateko kazetari bat.

Horrez gain, denda eta bestelako saltoki asko biltzen dituen gunea da Haifa kalea, eta jende asko ibiltzen da normalean.

Atentatua gertatu eta segituan herritar asko bildu dira Haifa kale inguruetan, AEBetako Armadarekin zein Iad Alaui Irakeko behin-behineko lehen ministroaren Gobernuarekin haserre daudela adierazteko. Hain zuzen ere, Irakeko Polizia behar bezala ez babestea egozten diete.

Bestalde, Bagdaden bertan gertatu bide den beste leherketa bati buruzko informazioak zabaldu dira. Muzana aireportu ohian jazo bide da atentatu hori, baina ez dago bestelako xehetasunik.

Bakuban gertatu da beste eraso bat, Irakeko Poliziaren ibilgailu baten aurka: zortzi lagun hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.