Burkina Faso

Gutxienez 47 pertsona hil dituzte Burkina Fason

Dozenaka zauritu dituzte. Urte hasieratik 850 lagun hil dituzte talde jihadisten erasoetan.

Malitik ihes egindako familia bat Burkina Fasoko kanpaleku batean, artxiboko argazki batean. HELMUT FOHRINGER / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 19a
15:10
Entzun

Talde armatu batek zibilez betetako konboi bati eraso zion atzo Burkina Faso iparraldean. Erasoa Arbinda eta Gorgadji herrien artean egin zuten, Soum eskualdean, eta gutxienez 30 zibil, indar armatuetako hamalau kide eta gobernuaren aldeko hiru miliziano hil zituzten: 47 lagun guztira.

Uste da Burkina Faso inguruko talde jihadistak daudela erasoaren atzean: Ansarul Islam, Islamaren Babeserako Taldea eta JNIM Musulmanak; guztiak Al-Qaedaren gertukotzat dituzte agintariek. Burkina Fasoko Informazio Agentziaren arabera, 58 pertsona hil eta hemeretzi zauritu zituzten indar armatuen eta erasotzaileen arteko borroketan.

Azken sei urteotan gora egin dute talde jihadistek herrialdean egindako erasoek. Iragan ekainean egin zuten orain arteko sarraskirik larriena: Al-Qaedarekin lotutako taldeek 160 lagunetik gora hil zituzten, Sahel eskualdean. Hain zuzen, eskualdeak muga egiten du Malirekin eta Nigerrekin, eta herrialdeko eremurik zaurgarriena da.

Urte hasieratik, indarkeriak 850 hildako utzi ditu herrialdean, eta bi urtean 1,3 milioi pertsonek beren etxea utzi dute, ACNUR Nazio Batuen Errrefuxiatuentzako Goi Mandatariak uztailean emandako datuen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.