Filipinetako Gobernuak jakinarazi duenez, gutxienez 50 lagun hil dira atzo hegazkin militar batek izaniko istripuaren eraginez, eta beste 53 pertsona zauritu. Bidaiarien gehiengoa militarrak ziren arren, hegazkinak lurra jo zuen eremuan zeuden hiru zibil ere hil dira, eta beste hainbat zauritu. Defentsa Ministerioa kaxa beltzaren bila ari da, ezbeharraren arrazoiak argitzeko asmoz.
C-130 Hercules motako hegazkina lur hartzeko maniobrak egiten ari zen, Jolo uharteko aerodromoan, baina pista amaitu zitzaion eta ez zen berriz aireratzeko gai izan. Hala, inguruko landa eremu batean jo zuen lurra. «Pista galtzean, potentzia hartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta istripua gertatu zen», adierazi du Cirilito Sobejana Filipinetako Indar Armatuetako komandanteak. Defentsa ministerioaren arabera, hegazkinean zeuden militarren gehiengoa graduatu berriak ziren, eta Jolo uharteko «muturreko talde islamisten» aurkako borroketan parte hartzea zuten helburu.
Istripuak jomugan jarri du Filipinetako Armadaren tresneriaren kalitatea. Izan ere, bigarren eskuko hegazkinak eta helikopteroak eraso ohi dituzte. Kasu honetan, urtarrilean eskuratutako hegazkin bat zen, AEBek 1988tik 2016ra bitartean erabilia. Ez da, ordea, azken hilabeteetan izaniko mota bereko lehen istripua. Ekainean, sei lagun hil ziren entrenamendu maniobra batean, S-70i Black Hawk helikoptero batek lurra jo ostean, Manilatik gertu. Urtarrilean, berriz, zortzi lagun hil ziren UH-1H helikoptero baten kontrola galdu ostean. Mota horretako helikopteroak Vietnamgo gerran (1955-1975) erabili ziren. Gauzak hala, armategia berritzeko 5.000 milioi euro bideratzeko konpromisoa hartu zuen Filipinetako Gobernuak 2018an.