Iran

Gutxienez 50 lagun hil dira Soleimaniren hiletan, jendetza lasterka hasi dela eta

Guardia Iraultzailearen jenerala zenaren hirian gertatu da. Parlamentuak «indar terrorista» izendatu ditu AEBetako armada eta Pentagonoa.

Milaka lagun Soleimaniren jaioterrian, gaur, jeneralaren hiletaren aurretik. EFE
Ander Perez Zala - Paulo Ostolaza
2020ko urtarrilaren 7a
19:59
Entzun

Qassem Soleimaniren gorpua gaur goizean eraman dute bere jaioterrira, Kerman hirira, ekitaldi xume batean lur emateko. Aurretik, hiletaren prozesioan, jendetza bat lasterka hasi da, eta horren ondorioz dozenaka lagun hil dira; Kermango mediku forentseen erakundearen arabera, gutxienez 50 dira hildakoak, eta 200 baino gehiago zaurituak.

Teheranen atzo egindako hiletan bezala, gaur Kermanen ere milaka lagun elkartu dira Guardia Iraultzailearen komandantea zenari azken agurra emateko; orduan gertatu da ezbeharra, Pirhossein Koulivand larrialdi zerbitzuen buruak baieztatu duenez: «Tamalez, gure aberrikideetako batzuk zauritu egin dira, eta beste batzuk hil egin dira».

Soleimaniren hilketaren eraginez, are gehiago gaiztotu da Teheranen eta Washingtonen arteko harremana, eta, beste pauso bat emanez, Irango Parlamentuak «indar terrorista» izendatu ditu Ameriketako Estatu Batuen (AEB) armada eta Pentagonoa. Ali Lariyani ganberako presidentearen arabera, jeneralaren hilketa «gerrako operazio terrorista bat» izan da. Horrekin batera, diputatuek onartu dute Guardia Iraultzailearen aurrekontua 200 milioi euro handitzea..

Mendekurako hamahiru jokaleku

Gaur argitu du Ali Shamjanik, Irango Segurtasun Batzorde Goreneko idazkariak, «hamahiru jokaleku» identifikatu dituztelako »mendeku gogorrerako»: «Jokaleku horietako ahulena ere amesgaizto historiko bat da AEBentzat». Azpimarratu du mendekua ez dela operazio bakarra izango, eta Iranen aliatu diren alde armatuek ere hartuko dutela parte bertan; besteak beste, Libanoko Hizbulak, Palestinako Hamasek eta Yemengo Shamjanik.

Iran AEBek eskualdean dituzten baseak zaintzen ari dela ere esan du Shamjanik, eta beste behin galdegin die herrialdea uzteko: «Amerikarren tropak ez badira zutik eta euren kabuz irteten Irandik, hilotz eta etzanda irtengo direla segurtatzen dugu». AEBek lurraldean dituzten militarrek estrategia aldatu dutela adierazi du segurtasun batzordeko idazkariak. Haren arabera, tropak kontzentratu eta zentralizatzen ari dira, eta «ahultasun sintoma bat da» hori.

Zarif, bisa gabe

Horiek ez dira izango AEBen aurkako erabaki bakarrak. Alahyar Malekshahi parlamentuko batzorde juridikoaren buruzagiak jakinarazi duenez, AEBetako Gobernua eta Donald Trump presidentea salatuko dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegian; salaketa horren berri emango diote Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiari ere.

NBEk New Yorken duen egoitzara bidaiatzeko ardura du Mohamad Yabad Zarif Irango Atzerri ministroak, baina, gaur jakinarazi duenez, AEBek ukatu egin diote hara sartzeko bisa. Gutxi barru egingo du bilkura bat NBEren Segurtasun Batzordeak, eta bertan Soleimani jeneralaren hilketaren inguruan eztabaidatzea zen Zarifen helburua. Dena den, Atzerri ministroa ez da azaldu betoaz kezkatuta: «Mundua ez da New Yorken amaitzen, eta Teherandik ere hitz egin diezaioket planeta osoari».

1947an hartu zen NBEren egoitza New Yorken ezartzeko erabakia, eta, sinatutako itunaren arabera, AEBek ez die ia mugarik jartzen atzerriko diplomatikoen sartu-irtenei. Halere, Washingtonek esaten du baduela bisa ukatzeko eskubidea segurtasun eta atzerri politikak eragindako arrazoiengatik.

Ez du akordio nuklearra utziko

Trumpen aginduz AEBek Soleimani hil eta tentsioa areagotu zenetik, hainbatek ziurtzat jo dute Iranek 2015. urtean sinatutako akordio nuklearra utziko zuela —2018an utzi zuten AEBek—. Gaur, ordea, Abbas Araghchi Atzerri ministro ordeak esan du Iranek ez duela ituna utzi, eta ez duela uzteko asmorik. Igandean iragarri zuen Teheranek uranioa aberasteari ezarritako mugak baztertuko zituela, 2015eko akordioan ezarritakoak. Araghchiren arabera, «keinu horrek ez du esan nahi ituna utziko dugunik; helburua balantza berdintzea da, besteek ere euren betebeharrak bete ditzaten».

Amaitzeko, esan du Iran prest dagoela uranioa lehengo mailan aberasten jarraitzeko, betiere ituneko beste kideek «Iranen eskaerak bete eta euren konpromisoak betetzen dituztenean». Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Txina eta Errusia dira Araghchik aipatutako herrialdeak.

Atzo gauetik gaurdaino, zeresana eman du AEBek euren tropak Iraken mantenduko zituztela zalantzan jartzen zuen mezu bat filtratu izanak. Hainbat komunikabidek zabaldu zuten William H. Seely III Irakeko Lantaldea deritzon taldeko komandantearen gutun bat; bertan, bere tropen mugimendua iragartzen zion Irakeko Defentsa Ministerioari. Gutuna zabaldu zuten hedabideek interpretatu zuten mezu hartan AEBek tropak erretiratzeko asmoa agertzen zutela.

Gutxi geroago, ordea, Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak ezeztatu zuen uste hura: «Ez dugu erabaki Iraketik alde egitea». Gutuna publikatu izana akats bat izan zela aitortu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.