ukraina

Gutxienez 50 miliziano errusiazale hil dituzte azken orduetan

Airez egin du erasoa Kievek. Amnesty Internationalek bahiketak eta gehiegikeriak salatu ditu.

Borroken ondorioak, Sloviansk inguruetan. ANASTASIA VLASOVA / EFE
2014ko uztailaren 11
13:35
Entzun

Izvarino hiritik gertu izan da erasoa, Vladislav Selezniov Ukrainako militarrak jakinarazi duenez. Haren arabera, miliziano errusiazaleek gobernuaren segurtasun indarren kontra tiro egin dute bart, baita kanporatu dituzten hainbat hiriren kontra egin ere —Raigorodoki eraso diote, besteak beste—.

Selezniovek dioenez, erasoaldi horretan Ukrainako segurtasun indarretako hiru agente hil eta hamabi zauritu dituzte. "Terrorismoaren kontrako operazioa gauzatzen ari den gunean egoera tirabiratsua da oraindik", azaldu du.

Ukrainako Gobernuak emandako datuen arabera, hiru hilabetetan 478 zibil hil dituzte; horietatik 30 emakumeak dira, eta zazpi, haurrak.

Bahiketen salaketa

Amnesty Internationalek "separatista armatuei" egotzi die ekintzaileen, manifestarien eta kazetarien kontra torturak eta gehiegikeriak egitea. Kaleratu berri duen txosten batean dio Ukrainara egindako bidaian "praktika lazgarriak" ikusi ahal izan dituztela bertatik bertara, eta "azken hiru hiletan ehunka bahitu" izan direla. Elkartearen arabera, bahiketa gehienak separatistek egin dituzte; hala ere, Ukraina babesten duten indarrek ere gehiegikeriak egin dituztela antzeman du.

Bahiketa kopuruaren gainean aldeak daude batzuen eta besteen artean. Ukrainako Barne Ministerioaren arabera, apirila eta ekaina artean ia 500 bahiketa izan dira; Nazio Batuen Erakundeak dio azken hiru hilabeteetan 222 izan direla.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.