Migratzaileen beste ontzi bat hondoratu da Mediterraneo itsasoan: berrehun lagun inguru barnean zituen ontzi bat izan zen atzo Calabriako kostaldean hondoratu zena, Italia hegoaldean. Oraingoz, haietako 62 gutxienez hil egin direla baieztatu dute, tartean, hamabi haur; desagertuta daude oraindik ere ehun inguru, eta 81 erreskatatu dituzte. Ospitaleratu egin dituzte haietatik hogei, bat egoera larrian. Datozen orduetan hildako gehiago baieztatuko dituztela aurreikusten da.
Shocking and sad news from Calabria, in Southern Italy: reports talk about several dead people, including children, after a migrant shipwreck.
— Francesco Rocca (@Francescorocca) February 26, 2023
Italian #RedCross@crocerossa volunteers are responding.
No one should risk his/her life to find a safe place where to stay. pic.twitter.com/vZs4J3Iv3l
Erreskate zerbitzuek jakinarazi dutenez, arroken aurka jotzean zatitu da bitan ontzia. Gainkarga handia zuen, eta eguraldia oso txarra zen. Lanean jarraitzen dute desagertutako lagunak topatzeko eta erreskatatutakoak artatzeko. Lehen susmoen arabera, migratzaileak Irangoak, Pakistangoak eta Afganistangoak dira, eta ontzia duela bost egun atera zen Turkia mendebaldeko Esmirna hiritik.
Vincenzo Voce Crotona hiriko alkateak adierazi duenez, gaurkoa «sekulako tragedia da, eta litekeena da hildakoak askoz gehiago izatea». Jada, azken urteetan Italiako kostan gertatu den tragediarik handienetakoa da.
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere hitz egin du gertatutakoaz, eta hitzeman du legez kanpoko migrazioaren aurkako legeak gogortuko dituela. Dolua azaldu du «pertsonen trafikoaren ondorioz» hil direnengatik, eta esan du bere gobernuak erabateko konpromisoa duela «horrelako tragediak amaitzeko». Elkarlana eskatu die migratzaileen jatorriko herrialdeei.