Jai eguna izanik, jendez gainezka zegoen Lahoreko Gulshan e Iqbal parkeko aparkalekua, ondorioz, sarraskia eragin du leherketak. Izan ere, toki horixe aukeratu du ekintzaile suizidak gainean zeramatzan lehergailuak zartarazteko. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 63 dira hildakoak eta 290etik gora zaurituak; tartean adingabeak.
Lekukoen arabera, dozenaka anbulantzia gerturatu dira erasoa izan den gunera. Baina horiek aski ez eta auto partikularretan eta taxietan ari dira zaurituak eramaten. Lahoreko erietxean, berriz, larrialdi egoera ezarri dute eta laguntza eskatu, zauritu guztiak artatu ahal izateko.
Punjab probintziako hiriburua da Lahore. Eskualde aberatsa da Punjab, eta baita Nawaz Sharif lehen ministroaren gotorlekua ere.
Lerro hauek idazteko unean inork ez zuen bere gain hartu erasoa.