Sute bat izan zen atzo Irakeko Nasiriya hiriko ospitale batean, eta gutxienez 64 lagun hil eta 50 zauritu dira, INA berri agentziak jakinarazi duenez. Halaber, adierazi du hondakinen azpian hildako gehiago egon daitezkeela. COVID-19a duten gaixoak artatzeko ospitale batean izan zen sutea. Al Iraquiya telebista katearen arabera, oxigeno bonbona baten leherketak eragin zuen.
Gertatutakoaren inguruko ikerketa bat abiatuko dutela iragarri zuen atzo Mostafa al Kazemi lehen ministroak, sutearen arrazoiak ezagutzeko. Horrekin batera, hiru eguneko dolua ezarri zuen. Bart, bere gobernukideekin urgentziazko bilera bat izan du, egoera aztertzeko. Sutea izan eta gutxira, Sadam al Tawil Di Qar probintziako Osasun zuzendariak dimisioa eman zuen.
Barham Saleh presidenteak «korrupzioarekin eta kudeaketa txarrarekin» lotu du ezbeharra, eta horrek «irakiarren bizitzak gutxiesten eta instituzioen jardun egokia eragozten» duela salatu du. Arrazoi berarekin lotu du pasa den apirilean Al Jatib hiriko ospitale batean izandako beste sute bat. Orduan ere oxigeno bonbonak lehertu ziren, eta 82 lagun hil ziren. Salehek adierazi du «ikerketa eta arduragabeei zigor gogorra ematea» izango dela biktimentzako eta haien senideentzako «kontsolamendua».