Afganistango agintariek emandako azken datuen arabera, gutxienez 68 pertsona hil eta 165 zauritu dira Kabulen, atzo nesken bigarren hezkuntzako eskola baten aurka egindako erasoan. Azken orduetan handitu egin da biktimen kopurua, eta litekeena da hazten jarraitzea. Familiek desagertutako haurren bila jarraitzen dute.
Erasoa larunbat arratsaldeko lehen orduan izan zen, Dasht-e-Barchi inguruan, gutxiengo xiita hazara komunitatea bizi den auzoan. Gazteak ikasgeletatik ateratzen ari ziren unean, hiru leherketa izan ziren, sarrerako atearen aurrean. «Bonba-auto bat, eta ondoren, ikasleak eskolatik ateratzen ari zirela, bi lehergailu lehertu ziren inguru horretan», Barne Ministerioaren arabera.
Inork ez du bere gain hartu atentatua. Hainbatek Estatu Islamikoari egotzi diote, talde horrek sarri egin izan baitie eraso hazara komunitateei, apostatak izatea leporatuta.
Talibanek «Estatu Islamikoaren izenean Kabulgo administrazioaren inteligentzia zerbitzuen babesean jarduten duten ezkutuko taldeei» leporatu diete erasoa. Afganistango Gobernuak, berriz, talibanak jo ditu erantzuletzat.
Nazio Batuen Erakundeak eta mundu osoko gobernu ugarik gaitzetsi dute erasoa. «Eskoletan edo eskoletatik gertu indarkeria erabiltzea ez da inoiz onargarria», adierazi du Henrietta Fore Unicefeko zuzendariak ohar batean.