Gutxienez 70 bidaiari hil dira, Txinako azken hamarkadako tren istripu larrienean

Bi trenek elkar jo dute Txinako ekialdean; istripuan 450 bidaiari inguru zauritu dira

ERREDAKZIOA
2008ko apirilaren 29a
00:00
Entzun


erredakzioa

Kontrako norabidean zihoazen bi trenek elkar jo zuten, atzo, Txinako ekialdeko Shandong probintzian. Istripuaren ondorioz, gutxienez 70 bidaiari hil ziren, eta 450 lagun inguru ospitalera eraman zituzten zaurituta. Horietako asko larri daude. Txinan azken hamarkadan izandako tren istripu larriena izan zen atzokoa. Poliziaren lehen ikerketen arabera, gidarien akatsak eragin zuen istripua; antza, bi trenak abiadura handiegian zihoazen talka egin zutenean.

Txinako Trenbide Ministerioak aditzera eman duenez, Pekinetik Qingdaora zihoan trena bere bidetik atera zen lehendabizi, bederatzi bagoi irauliz. Lehenengo istripuaren ondotik, kontrako norabidetik zetorren bidaiarien trenak bide erdian geratutako bagoiak jo zituen Zibotik gertu; ondorioz, une horretan bertan 57 lagun hil ziren. Azken tren hori Yantaitik Xuzhoura zihoan.

«Lotan ginen istripua gertatu zenean. Bat-batean esnatu nintzen, trenak astinaldi batean galgatu zuenean. Minutu gutxira berriro abiatu zen trena, baina berehala irauli zen», azaldu zuen Yuk, 38 urteko bidaiariak. Yuk lurreko pitzadura batetik irtetea lortu zuen, 13 urteko bere alabarekin. Istripuan zauritutakoek izarak eta lastairak atera zituzten bagoietatik, goizeko hotzetik babesteko. Istripua Txinako goizeko 4.43etan gertatu zen. «Trenak errusiar mendi bat zirudien. Lehenengo 90 graduko bira egin zuen alde batera, gero itzuli osoa bestaldera. Azkenean irauli egin zen, eta jende mordoa nire gainera erori zen», azaldu zuen Zhangek. «Trenetik mutil-laguna ateratzen ikusi nuen neska bat, baina jada hila zegoen», gehitu zuen.

Azken hamarkadako tren istripu larriena izan da Shandogen gertatutakoa. Probintzia horretan, hemezortzi lagun hil ziren tren istripu batean pasa den urtarrilean. 1997an, berriz, Txinako erdialdeko Hunan probintzian 126 bidaiari hil eta 200 zauritu ziren, tren gidariak egindako akats baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.