Azken urteetako egoera larriena dute Grezian. Atzo eguerdian piztu ziren suteak, eta indartu egin dira gauean; Suhiltzaile taldek adierazi dutenez gutxienez 74 dira hildakoak eta zaurituak, aldiz, 187. 10 zaurituk larri jarraitzen dute eta zaurituetako 23, adin txikikoak dira. Greziako erakundeek ez dute baztertzen hildako kopuruak gora egitera izan ere oraindik erreskate taldeek ez dute etxe guztietara iristea lortu. Horretaz gain, Mati herrian, Atenastik 40 kilometro ingurura, hamar bat pertsona desagertuta daude. Han dute egoera larriena; izan ere, suak inguratua du herria, eta hainbat lagun hil dira ihes egin nahian.
Mati herrian aurkitu dituzte biktimarik gehienak. Hain zuzen ere, Gurutze Gorriak zabaldu duenez, 24 lagunen gorpuak aurkitu dituzte Matiko Argyri Akti hondartzatik gertu. Babes Zibilak zabaldu duenez, litekeena da itsasora ihes egiten ahalegindu izana. Itsas salbamenduko kideek, 700 pertsona baino gehiago erreskatatu dituzte itsasoan.Horretaz gain, errepideetan ibilgailu ugari kiskali dira. Gainera, herri horretatik gertu beste 26 hilotz topatu dituzte suhiltzaileek.
Alexis Tsipras lehen ministroa Bosnian zen suak piztu zirenean, baina, egoeraren larria ikusita, Greziara itzuli da goizaldean. "Gure esku dagoen guztiak egingo dugu egoera kontrolpean hartzeko", iragarri du, eta laguntza eskatu dio Europako Batasunari. Suhiltzaileek ohartarazi dute egoera "oso zaila" dela. Tsiprasek hiru dolu egun deitu ditu Grezian. Europatik jasotako laguntza eskaintzak eskertu ditu eta "herritar guztiek batera lan egiteko garaia" dela erran du: "mobilizatzeko eta salbatu daitekena salbatzeko garaia da" gaineratu du Greziako lehen ministroak.
Gehien kaltetutako eskualdeak
Attica eskualdea da gehien kaltetua, eta, hori dela eta, larrialdi egoera ezarri du gobernuak. Atenasen dozenaka laguni eskatu diete etxetik irteteko, eta haurrentzako kanpalekuak ere hustu dituzte, sua gertu dagoela eta.
Larrialdi zerbitzuen datuen arabera, hiru sute daude indarrean Attica eskualdean, baina Cortinon, Peloponeson eta Creta uhartean ere piztu dira suak. Espainiak eta Ziprek hegazkinak eta suhiltzaileak bidali dituzte suak itzaltzen laguntzeko. Greziak, ordea, azken orduetan laguntza horiei uko egin die eguraldiak hobetzeko joera hartu duelako.
2007az geroztik ez zen halako suterik piztu Grezian. Orduan, dozenaka pertsona hil ziren Peloponeso eskualdean.