Turkiaren menpeko Kurdistanen autobus txiki baten kontrako atentatua egin dute gaur goizean eta, gutxienez, zortzi lagun hil dituzte, bertako agintariek jakinarazi dutenez -hango CNN telebista kateak hildakoak hamabi zirela adierazi du hasiera batean-. Autobusean zihoazen lagun horiek denak. Gecitli herri inguruan izan da leherketa, Hakkari probintzian, Iraken eta Iranen menpeko Kurdistanen mugetatik gertu.
Muammer Turker Hakkariko gobernadoreak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari leporatu dio erasoa, baina KCK Kurdistango Herriko Konfederazioak -PKK adar militarra daukan erakunde politikoa- halakorik ukatu du. Erasotzaileek "Hakkariko herritarrak zigortu" nahi zituztela adierazi du KCK-k, "hilaren 12ko erreferendumean boikotaren alde agertu zirelako". Turkiako konstituzioaren erreformari buruzko erreferenduma zen, eta kurduen gehiengoa abstenitu egin zen.
Turkerrek azaldu du errepidean mina bat lehertu dela ibilgailua ondotik pasatzen ari zela. Autobusa txikituta geratu da. Dogan berri agentziak, aldiz, azaldu du eztanda autobusaren barruan gertatu dela.
PKK-k su-etena iragarri zuen joan den abuztuan, eta heldu den irailaren 20ra arte eutsiko ziola jakinarazi. KCK-k berretsi du su-etenak bere horretan dirauela.
munDUA
Gutxienez 8 lagun hil dituzte Kurdistanen autobus bat lehertuta
Turkiako Estatuan izan da atentatua, Irak eta Irango mugetatik hurbil. Agintariek PKKri egotzi diote, baina KCK erakunde politiko kurduak halakorik ukatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu