Jalal Talabani Irakeko Gobernuko presidenteak Abu Musab al-Zarkaui Al Kaedak Iraken duen buruzagiari leporatu dio hondamendiaren errua. Erromesaldia antolatzerakoan "hutsegite larriak" bete dituztela onartu du Talabanik, eta gaineratu du aurrerantzean neurriak hartuko dituztela hutsegite hauek errepika ez daitezen.
Milaka xiita erromesaldi handia egiten ari ziren Bagdadeko Iman Musa Kadam mezkitara. Morteroekin erasoa egin dute, eta gutxienez zapi lagun hil dira. Orduan , 'kamikaze' bat zegoen zurrumurrua zabaldu da, eta xiita guztiak lasterka hasi dira handik alde egin nahian. Milaka lagunen pisua ezin izan du jasan Tigris zeharkatzen duen zubiak, eta erori egin da. Segurtasun indarrak ibaitik gorpuak ateratzen ari dira orain—momentuz 841 atera dituzte—, eta zaurituak 300 baino gehiago dira.
Ministro irakiarrek atentatu gehiago egotea ekidin dutela adierazi dute
Saadun Al Duleimi eta Bajan Jabr Irakeko Segurtasun eta Barne ministroek esan dutenez, zubiaren erorketaren aurretik atentatu saiakera "ugari" ekidin dituzte bertako indar armatuek. Eskainitako prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, bertako indar armatuak indar multinazionalekin elkarlanean aritu dira eta "hainbat terrorista" hil dituzte Al Kadimija auzoan sartu nahiean zebiltzala.
Bajan Jabr Barne ministroaren hitzetan "Iraken bizi den terrorismo egoeran hiru milioi pertsona babestea ez da lan erraza".
Adierazpen horiek egin aurretik Abdel Mutaleb Osasun Ministroak bi agintari horien dimisioa eskatu du, eta tragediaren arduraduntzat jo ditu.
Erasoa morteroekin
Irakeko Poliziak jakinarazi duenez Iman Musa Kadam meskitaren ingurura hiru mortero jaurti dituzte goizean goiz. Segituan atera dute jendea handik, baina hala ere zazpi lagun hil dira.
Erietxeetako iturriek jakinarazi duenez, hildakoetako bi meskitara zihoazen emakumeak ziren.
Iraken okupazioa
Gutxienez 841 xiita hil dira zubi bat erorita
Irakeko Barne Ministeritzak baieztatu duenez 841 lagun hil eta 300 baino gehiago zauritu dira Bagdaden Tigris gainetik pasatzen den zubia erorita. Irakeko Gobernuko presidente Jalal Talabanik Abu Musab al-Zarkaui Al Kaedako Irakeko buruari leporatu dio sarraskiaren errua. Xiitak erromesaldia egiten ari ziren, eta 'Kamikaze' bat zegoen zurrumurrua zabaldu da. Jende guztia korrika hasi denean erori da zubia. Hildakoak gehiago izan daitezkeela azaldu dute. Badirudi aurretik izan den atentatuaren ostean sortu dela zurrumurrua, izan ere, gutxienez zazpi lagun hil eta 36 zauritu dituzte erromesaldia egiten ari diren mezkita horretara morteroak jaurtita. Xiitak Kadamija auzoko mezkitara erromesaldia egiten ari dira; beraien erlijio egutegiko hirugarren erromesaldi garrantzitsuena. Poliziak segurtasun neurri bereziak hartu baditu ere, ez du lortu atentaturik ez egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu