Atentatuak Egipton

Gutxienez 88 lagun hil dira Sharm al Sheikheko atentatuetan

Atentatu handien jomuga izan da bart gauean Egiptoko Sharm al Sheikh hirigune turistikoa: hiru bonba-auto eztandarazi dituzte jendez beteta zeuden hiru lekutan. Egiptoko Gobernuko iturriek emandako datuen arabera, gutxienez 88 dira hildakoak eta 120 bat zaurituak. Hain leku turistikoa izanik hildakoetatik zortzi atzerritarrak dira. Al Kaedarekin zerikusia duten Abdula Azzam Martiriaren Brigadak izeneko taldeak hartu ditu erasoak bere gain, interneten eskegitako idatzi baten bidez.

2005eko uztailaren 23a
18:08
Entzun
Denbora epe laburrean lehertu dira bart gauean Sharm al Sheikhen —Sinaiko penintsulan, Itsaso Gorriaren ertzean— hiru bonba-autoak: goizeko ordubatak aldera (gauerdia Euskal Herrian) zartarazi dute lehendabizikoa Ghazala Gardens Hoteleko harreraren aurka. Autoa gidatzen zuen ekintzaile suizidak hotelerako sarrera eragozten zuten hesiak gainditu ditu autoarekin, eta harreraraino sartu da bonba-autoa eztandaraziz. Lekukoen arabera, hotelaren zati hori txiki-txiki eginda geratu da.

Minutu eskas batzuren buruan, handik ehunka metro eskas batzuetara, beste bonba-auto bat lehertu da autoak aparkatzeko leku batean. Gauez jende asko ibiltzen den Movenpick hotelaren ondoan dago aparkaleku hori, eta, ondorioz, jende asko harrapatu du eztandak.

Hirugarren atentatua handik lau bat kilometrora egin dute, Merkatu Zaharra esaten dioten gunean. Kafetegi bateko terraza harrapatu du eztandak, eta gutxienez 17 lagun hil ditu, iturri ofizialen arabera, egipziarrak.

1997tik Egipton izan den atentaturik handienak izan dira bart gauekoak. 1997an talde armatu batek 62 turista hil zituen Luxorren tiroka.

Al Kaedarekin lotura

Interneteko webgune batean eskegitako agiri baten bidez, Abdula Azzam Martiriaren Brigadak izeneko taldeak hartu ditu bere gain erasoak; Al Kaedaren Siriako eta Egiptoko taldetzat dute brigada horiek beren burua. Joan den urrian Sinaiko penintsulan bertan, Tabako gune turistiko zenbaitetan, izan ziren atentatuak talde horren berak hartu zituen bere gain. Orduan, 34 pertsona hil ziren.

Gaitzespen gogorra

Egiptoko Gobernuak gogor gaitzetsi ditu erasoak, eta ekintza horiek ez dutela Islamarekin inolako zerikusirik nabarmendu du, "terrorismo zatarrenarekin baizik".

Israelen bisita ofizialean den AEBetako Estatu idazkari Condolezza Ricek ere adierazi du gaitzespena, eta halako ekintzak "terrorismo eta izu agerpenak" baino ez direla azpimarratu du.

Sharm el-Sheikh Egiptoko hirigune turistiko ezagunenetakoa da, eta atseden hartzeko erabiltzen duten egipziarrek zein mundu osotik joandako milaka lagunek. Sasoi honetan, uda izanik, jendez beteta egoten da gune guztia.

Era berean, Egiptoko Gobernuak gaitzespen eta dolu adierazpen mezu ugari jaso ditu mundu osotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.