IRAN

Gutxienez 90 hil dira, erregaiz betea zen kamioi batek istripua eraginda

Kamioia ezin izan zen gelditu Polizia kontrol batean eta, 18.000 litro ezantza zeramatzala, suak dozena bat ibilgailu harrapatu zituen

AGENTZIAK
TEHERAN
2004ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Erregaiz betea zen kamioi batek herenegun arratsean Iran hego-ekialdean eraginiko istripuan, gutxienez 90 pertsona hil dira, agintarien arabera. Alabaina, Irango Ilargi Gorriakazpimarratu du ezbehar itzel honetan 200 hildakotik gora izan daitezkeela azkenean.

Istripua ostegun arratseko 22:30ak inguruan gertatu zen(20:00ak Euskal Herrian), Zahedan eta Bam hirien arteko lotura egiten duen errepidean, zehazki Nosrat Abdadeko Polizia postuaren inguruan. Kontrolgune horretan geldituta zegoen autobus bat jo zuen 18.000 litro erregai zeramatzan kamioi batek. Kolpearen ondorioz, sute itzela piztu zen eta polizia postuan geldituta zeuzkaten 6 autobus eta 5 kamioi harrapatu zituen berehala suak.

«Gertatutakoa hain da larri, non une honetan ez ditugun identifikatzen ahal kiskalita geratu diren gorpuak», aditzerat eman zuen ezbeharraren gunetik ehun bat kilometrora kokatua den Zahedango gobernari Haidar Ali Nuraik. Ilargi Gorria sorospen zerbitzuetako eledun batek zehaztu zuen, ordea, 90 hildako eta 114 zauritu zenbatu dituztela orain arte, baina gaineratu zuen hondamendia askoz ere larriagoa izan litekeela, eta hilak 200 izan daitezkeela.

«Kamioiaren gidariak ez ditu abiadura mugak errespetatu» adierazi zuen Isna hirialdeko poliziaburu Ahmad Njafik. «Hortaz, Polizia postura hurbiltzean,ez du kamioiaren geldiaraztea lortu, ibilgailuak irrist egin du, argindar postu bat eta Polizia etxea jo ditu eta, azken batean, suak hartu egin du», azaldu zuen Polizia buruzagi honek. Irango telebista publikoaren arabera, haatik, Nosrat Abadeko polizia postuan gasolina trafikatzaileei bahitutako hainbat erregai ontzi gordeta zeuden eta horrek sutea areagotu du. Nosrat Abadeko Polizia postua Pakistan eta Afganistanekiko mugaldean den Sistan-Balutxistango probintzian kokatua dago. Eskualde horretan, gasolina trafikoa oso hedatuta dago. Trafiko horretan dihardutenek ezantza nahiko merke erosten dute Iranen eta nabarmen garestiago saltzen Pakistanen.Trafiko hau baita drogarena ere kontrolatzeko xedez, polizia postu ugari daude Irango errepideetan eta haietan ibilgailu ilara handiak sortzen dira. Nosrat Abadeko kontrolagunearen kokapenak, haatik, eztaibaida sortu du, aldapa oso patar baten zolan eta bihurgune baten irteeran eraikia izan baita.Nolanahi ere, Irango bideak mundu osoko arriskutsuenen artean sailkatuta daude. Herrialde honetako agintariek berriki zabaldutako ikerketa txosten baten arabera, 99.863 pertsona hil dira Irango errepideetan azken bots urteotan. Aurtengo eta iazko martxoa bitartean, adibidez, 25.772 hil dira.Bide istripuen balantze ikaragarri horrez gain, Iranek pairatu du beste hondamendirik. Azkenetatik bat iragan otsailaren 18an gertatu zen: sufre eta ezantzaz beteta zegoen tren bat lehertu zen Neishadur hirian, eta 289 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.