Tiroketa gertatu zen atzo Texasko Fort Hood base militarrean (AEBak) eta hamahiru lagun hil zituzten gutxienez, hango iturrien arabera. 13:30 inguruan -gau aldera Euskal Herrian-, militar bat, lanbidez psikiatra, tiroka hasi zen baseko eraikin batean. Hildakoez gain, 28 pertsona zauritu zituela jakinarazi dute. Ustezko erasotzailea ere zauritu egin zuten, eta ospitalean dago. AEBetako iturri militarrek jakitera eman dutenez, haren egoera ez da larria eta zaintzapean dute.
40 urteko armadako ofiziala da ustezko erasotzailea. Psikiatra militarra da eta Afganistanera bidali behar zutela eta erabaki horren aurka zegoela jakinarazi dute soldaduek.
Bertze bi lagun ere atxilotu zituzten erasoarekin zerikusia zutelakoan, baina bertako hedabideek jakinarazi dutenez, aske utzi dituzte. Iturri militarrek gainera, erasotzailea bakarra dela zehaztu dute.
Atzerrira bidali behar dituzten soldaduak biltzen diren eraikinean hasi zuen tiroketa ustezko erasotzaileak. Tiroketa horren ondorioz, AEBetako base militarretako segurtasun neurriak zorroztu dituzte. Ikerketa Bulego Federalak (FBI) eraso "terrorista" izan denik ezetsi du.
AEBetako presidente Barack Obamak dolu nazionala ezarri du gaurtik hasi eta hilaren 11ra arte.
Fort Hoodeko base militarra AEBk munduan duten handiena da. 70.000 lagun daude bertan. Texasko hiriburu Austinetik 80 kilometrora dago.
Mundua
Gutxienez hamahiru lagun hil dituzte AEBetan, tiroketa batean
Texasko base militar batean gertatu da erasoa. Psikiatra militar bat tiroka hasi da baseko eraikin batean, hango iturrien arabera. Zaurituak 28 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu